'The Big Year' filma emango dute Hegaztien Astearen barruan
Ostiralean proiektatuko dute, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, 19:00etan.
Aste honetan Cristina Enea Fundazioa Hegaztien Astea ospatzen ari da Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, hegaztien mundua hobeto ezagutzeko jarduerekin, hala nola tailerrak, ikastaroak eta film-emanaldiak, besteak beste.
Urtebetean hegazti espezie gehien ikusi eta erregistratzeko lehiaketa da The Big Year (Urte handi bat). Partehartzaileek ahalik eta espezie gehien behatzea lortu behar dute eta irabazlea da kopuru handiena lortzen duena. The Big Year filmak azaltzen du oso arrazoi ezberdinengatik (40ko krisialdia, lan-krisialdia, bizitza-krisialdia) lehiaketan murgiltzen diren 3 lagunen istorioa. Pertsonaiek beren aurkariak gainditu nahi dituzte, baina baita euren buruari gailendu ere, ahalik eta hegazti- espezie gehien ikusteko AEBetatik zehar eginiko bidaian.
Emanaldiaren ostean mahai-ingurua izango da honako galderei erantzuten saiatzeko: birdwatching-a ornitologia al da? hegaztien kontserbazioan laguntzen al dute horrelako jarduerek? Emanaldia doakoa izango da eta ostiralean, urriak 3, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean izango da, arratsaldeko 19:00etan.


