Porrota jasota itzuli da Bartzelonatik
Ahazteko moduko igandea izan du Realak; 2-0 galdu du Bartzelonan Espanyolen aurka.
“Egoera ez da ona, eta ez da guk nahi duguna. Puntu gutxi dauzkagu, bost bakarrik. Orain hamabost egun dauzkagu egoera aztertzeko”, azaldu du Jagoba Arrasate entrenatzaileak Reala eta Espanyolen partidaren ondoren. Esku hutsik itzuli dira txuri-urdinak Bartzelonatik, partida hasiera-hasieratik amaieraraino nagusitu baitzaio Espanyol. 7. minutuan egin du lehen gola Lucas Vazquezek, donostiarrek atzean eginiko akats baten ondorioz. Gol horrek ez du erreakziorik eragin gipuzkoarrengan, eta ez da Casillaren atera gerturatu.
Bigarren zati hasieran, bestela zelairatu da Reala, baina bultzada hori minutuek aurrera egin ahala joan zaio. Partida luzapenean zela, Montañesek hegaletik jokaldia egin, baloia erdiratu eta, bigarren zutoinean, erabakita utzi du partida Stuanik, gola sartuta.
Emaitza horrekin, 15. postuan dago Reala, zazpi jardunalditan bost puntu pilatuta. Getafe hartuko du etxean hurrengo jardunaldian.


