Silvia Carballo, Giza Eskubideen saileko kidea; Juan Karlos Izagirre alkatea; eta Carlos Slepoy, Argentinako Kereilaren abokatua. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Bihar, asteazkena, testuinguru historiko-juridikoa aztertuko dute, eta etzi, osteguna, testuinguru politiko-soziala. 18:30ean hasiko dira hitzaldiak.
Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Kereilaren Euskal Plataformak antolatu ditu jardunaldiak, eta 1936ko kolpe militarrean, frankismo garaian eta trantsizio garaian izandako krimenen aurrean zenbait erakunde eta elkarte egiten ari diren lanen inguruan elkarren arteko informazio trukaketa eta hausnarketa sustatzea dute helburu. Gainera, krimen horien aurkako Argentinako kereilaren egungo egoera ere azalduko dute.
Carlos Slepoy, kereilaren abokatua jardunaldien aurkezpenean izan da gaur goizean udaletxean. Bere esanetan, “Argentinako kereilak bide asko irekiko ditu eta Espainian bertan justizia egiteko aukera zabalduko du. Frankismo garaiko erantzule asko bizirik daude oraindik. Heriotz sententziak sinatu zituzten ministro eta epaile askok goi karguak bete zituzten Demokrazia garaian, eta hori, gure ustez, onartezina da; justiziaren aurrean erantzun beharko dute”.
Abokatu argentinarrak ere parte hartuko du San Telmo Museoko jardunaldietan. Donostiako Udala Argentinako Kereilari ematen ari den babesa eskertu du, eta hitzaldietan parte hartzeko gonbita luzatu die herritarrei.
[box]
Asteazkena, urriak 8
-Ramon Zallo, EHUko komunikazio katedradunak garai hartako historiaren errepasoa egingo du: kolpe militarraren zergatiak eta ondorengo diktaduraren oinarriak.
-Carlos Slepoyk Argentinan Frankoren krimenen aurkako kereila nola sortu zen eta egun prozesua nola dagoen azalduko ditu.
-Garbiñe Biurrun, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegiko Nagusiko epaileak 1977ko Amnistiaren Legea, eta gaur egungo Memoria Historikoaren legea aztertuko ditu, besteak beste.
Osteguna, urriak 9
-Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteko Juan Mari Sansineneak, Donostiako kolpe militarra, erresistentzia eta ondorioak aztertuko ditu.
-Intxorta elkarteko Julia Mongek,
Emakumea, gerra eta erresistentzia saioa gidatuko du.
-Goldatu elkarteko Xabier Amuriza frankismo garaian elizak eta apaizek egindako erresistentziaren inguruan arituko da.
-Euskal Memoria Fundazioko Iñaki Egañak
Frankismo irekiaren eta frankismo ezkutuaren memoriak saioa eskainiko du.
-Kereilaren Euskal Plataformako bozeramaile Josu Ibargutxik Argentinako kereilaren inguruan hitz egingo du.
[/box]