TAO makina bat. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udalbatzaren araudi berriak, udal arautegi bat aldatu behar denean proposamenak egiteko aukera ematen die udal talde guztiei. Orain arte, oposizioak udal gobernuaren proposamenari zuzenketak egitea zuen aukera bakarra.
Udal zerga eta tasen araudiaren aldaketa eztabaidatzen ari dira egun hauetan, eta araudi aldaketa hau baliatuz, PPk eta PSE-EEk ere beren proposamenak aurkeztu dituzte, eta EAJk berriz, hainbat zuzenketa aurkeztu dizkio sozialisten proposamenari. Bihar finkatuko dituzte aldaketak Ogasun Batzordean, eta datorren astean ez-ohiko udalbatzarrean onartuko dute zerga eta tasen ordenantza berria.
Hala, oposizioko alderdiek bat egin dute eta hainbat akordio lortu dituzte 2015eko zerga eta tasa nagusiak jaisteko.
-Ibilgailuen gaineko zerga %4ean jaitsiko dute.
-Ondasun Higiezinen Zergaren kasuan, gainkarga %25ean mantenduko dute. Baina, jabe pribatuen kasuan, donostiarrek ez dute gainkargarik ordaindu beharko jabetzaren balioa 250.000 euro baino gutxiagokoa denean. Kanpokoek, berriz, 200.000 euroko balioa gainditzen ez denean.
Kasu honetan, PPk OHZ orokorra 2012ko neurrietara jaistea nahi du, %9ra alegia.
-Eraikuntza eta berritze lanak egiteko ordaindu beharreko zerga, ICIO delakoa, %1,25era jaistea adostu dute (egungo tasa %5ean dago). Horrekin batera, krisiak gehien eragin dien auzoekin batera, Amara ere Ekonomia Suspertzeko Planean txertatzea adostu dute.
Horrekin batera, espazio publikoa hartzeagatik ordaindu beharreko zergak ere %15ean jaitsiko dituzte.
-Gainbalioaren gaineko zerga ere modu progresiboan jaitsiko dute, baina orotara, %17ko jaitsiera bat adostu dute.
-Langileentzako OTA guneak ere aldatuko dituzte. Langileen eta banatzaileen ibilgailuek tarifa berezi bat izango dute lehen hiru orduetan. Handik aurrera, %15ean jaitsiko zaie tarifa.
Aldaketa hauekin, donostiarrek milioi bat gutxiago ordaindu beharko dutela zergetan aurreikusi dute sozialistek. Ernesto Gasco, bozeramailearen arabera, “ez da zerga gehiago bildu behar, hobeto kudeatu baizik”. Zentzu horretan, sozialisten arabera, euren asmoa ez da udalaren diru-sarrerak gutxitzea. “Zergak beharrezkoak dira zerbitzu publikoak bermatzeko, baina ondo egokitzen badira, jarduera ekonomikoa sustatzeko balio dezakete”, esan du Gascok.
Udal gobernuak oposizioaren proposamenak kontuan ez hartu izana eta zuzenketarik egin ez izana “esanguratsua” dela esan dute sozialistek.