Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo du 15 km lasterketak
Aurtengo berritasun gisa, lasterketaren irteera zabalagoa izango da eta korrikalariek espazio gehiago izango dute.
Lasterketa bera hobetzeko asmoz, antolatzaileek zenbait berrikuntza egongo direla adierazi dute. Alde batetik, irteera 280 metro luzatu dute modu ordenatuagoan ateratzeko, eta tarte handiagoa dagoenez, korrikalarientzako erosogoa izan dadin.
Bestetik, helmugarako bidea azkarragoa izango da. Gaska kiroldegitik korrikalariak sartuko dira eta estadio txikia inguratuz, Kirol Etxetik jarraituko dute zuzen. Anoetara iristean, iparreko atetik sartuko dira, aurreko urtetan zegoen kurba itxia saihestuz.
Iaz baino partaide gehiago
5,5 km Katxalin lasterketa 9:45ean abiatuko da Madril hiribidetik eta Urumea ibaitik Erdialderuntz joango dira korrikalariak. Itzuli eta Anoetan amaituko dute. 15 kilometroko lasterketa toki beretik irtengo da, baina 10:15ean, eta Zurriola, Parte Zaharra, Kontxa, Antigua eta Igaratik igaroko da. Patinatzaileak 10:00etan eta elbarriak 10:10ean aterako dira.
Lasterketa nagusian partaidetzak gora egin du, eta oraingoz, iaz baino %15 lagun gehiagok izena eman dute. Katxalin lasterketan 400 korrikalarik hartuko dute parte, baina 1000 inguruk korrika egitea espero dute. Patinatzaileen artean gehienezko kopurua lortzeko (450) bidean daude, 350 lagunek eman baitute izena. Gainera, bertako atleta ezagunen partaidetza espero dute, iazko txapelduna izan zen Maite Arraiza donostiarra, Imanol Cruz, Sergio Roman, Ander Sagarzazu eta Claudia Beobide, besteak beste.
Azken urtetako ohiturari jarraituz, 15 kilometroko lasterketaz gain, emakumeen partaidetza bultzatzeko beste lasterketa laburrago bat egingo dute urriaren 19an. Gainera, rollerrek eta elbarriek ere parte hartuko dute hiriko kaleetatik barrena egingo den lasterketan.
Aurten, hala ere, 5,5 kilometroko ibilbidea duen lasterketa hori berezia izango da. Izan ere, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunaren harira, Katxalin Gipuzkoako bularreko minbiziagatik kaltetutako emakumeen elkarteak bat egin du lasterketarekin eta 5,5 kilometroko ibilbidean emakumeei parte hartzeko deia luzatu die, nahiz eta gizonezkoek ere korritu dezaketen. “Gaixotasuna ezagutzera eman nahi dugu eta minbizia gainditu daitekeela erakutsi”, adierazi du elkarteko lehendakaria den Txaro Beobidek. Gainera, kirola eginez gero, emakumeak berak bularreko minbiziaren tratamenduari “hobeto” erantzun diezaiokela azaldu du. Koro Martinez donostiarra gaixotasuna duen emakume bat da eta lasterketa korrituko du: “Lagun batekin entrenatzen ari naiz eta eguna iristeko irrikaz nago”.
Irteera eta helmugan berrikuntzak