
Eneko Goia, -erdian- hainbat alderdikiderekin, IDEIAgunearen aurkezpenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
IDEIAgunea Easo kaleko 6. zenbakian dago, eta hauteskundeak pasa arte behintzat irekita egongo da.
Politika herritarrengana hurbiltzea da jeltzaleen erronka. Hiri eredu berri bat landu nahi dute, eta horretarako herritarren ekarpenak aintzat hartuko dituzte. Eneko Goia, Donostiako alkatetzarako EAJko hautagaiaren esanetan, “hiriarentzako proiektu bat bada, elkarrekin egin nahi dugu”.
Horretarako sortu dute hain zuzen ere IDEIAgunea. Hamar bat egun daramatzate bertan, baina gaur egin dute aurkezpena eta irekiera ofiziala. Eneko Goiarekin batera, Amara, Antigua, Erdialdea, Parte Zaharra eta Groseko batzarretarako lehendakariak izan dira aurkezpenean. Izan ere, Easo kaleko egoitza berri hau jeltzaleen erreferentziazko topagune bihurtuko bada ere, “ez gara erabat hemen egongo; auzoetan lanean jarraituko dugu, noski”, esan du Goiak.

Kanpoaldean ere idatzi daitezke ekarpenak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ideiak biltzeko txokoa
IDEIAgunea Erdialdean egoteak herritarrei bidea erraztuko diela uste dute jeltzaleek. Euren ekarpenak modu errazean egiteko bidea izango da, aski baita bertara joan eta post it batean norbere ideia, kezka, gogoeta, salaketa edo proposamena idaztea. Ondoren, guztiak bildu eta bulegoan ikusgai jartzeaz gain
Enekogoia2015.com webgune berrian ere jarriko dituzte. Webguneak berak ere ekarpenak egiteko aukera ematen du.
Dena dela, post it bidez ideiak idazteaz gain, IDEIAgunea eztabaidarako txokoa, erakusketak egiteko lekua edo hainbat jardunaldi egiteko egoitza gisa ere erabiliko dute. “Leku irekia da, eta edonor sar daiteke bertara; beso zabalik jasoko dugu, edozein dela ere bere proposamena. Errespetua da eskatzen dugun baldintza bakarra”, esan du Goiak.
Gainera, herritarren ekarpenak jasotzeaz gain, parte hartzea bultzatuko duten hainbat dinamika ere garatuko dituzte egoitza berrian. Horretarako, sei atal edo gai nagusi landuko dituzte jeltzaleek: “eguneroko bizimoduan eragiten diguten gaiak dira; eztabaida batzuk irekita daude, eta beste proposamen batzuk berriak izango dira”.
‘Bestelako Donostia’ dioten papertxoz beterik dago IDEIAgunea. 3.000 bat post it erabili dituzte ‘Donostia’ erraldoi bat idazteko horman, eta horiek guztiak herritarren ekarpenez betetzea dute helburu.