Hiri ereduari buruzko batzar ireki bat egingo du EH Bilduk larunbatean
HiriBizia 2030 egitasmoaren baitan, EH Bildu ekainean hasi zen hiri ereduaren inguruko ardatz nagusiak zehazteko herritarren ekarpenak jasotzen. Herri partaidetza, ekonomia, euskara, hezkuntza, feminismoa…guztira 14 atal landu dituzte.
Lan eremu horiek sakonago hausnartu eta garatzeko batzar ireki bat egingo dute larunbatean, urriak 11, Ibaetako campusean. Gaur egin dute jardunaldien aurkezpena Nautikoan, eta Joxepa Bornaetxea, EH Bilduko kideak adierazi duenez, “beste Donostia bat posible dela pentsatzen duen pertsona oro elkartu nahi dugu, herritarrak direlako aldaketaren ardatz”.
Horretarako, hainbat hausnarketa talde egingo dituzte, eta larunbatean ateratako ondorioekin eta udan zehar jasotako ekarpenekin, hiri ereduaren inguruko behin betiko txostena osatuko dute. Urriaren 25ean egingo dute txostenaren aurkezpen publikoa, egun osoko jaialdi baten bidez.
Ibaetako campuseko Ignacio Barriola eraikinean egingo dute batzar irekia, 10:00etatik aurrera.