Pilar Egunean zuzenean aritzekoak ziren Down sindromea duten musikariak, baina Andoni Zilbeti taldekideak izandako istripuaren ondorioz, mariatxiengatik ordezkatuko dituzte.

Ikastolako jolastokia festazalez betetzeko zain egongo da datorren igandean, urtero legez. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Martuteneko jaiak lehertuko dira bihar arratsaldean, 16:45ean txupina bota ostean. Lau eguneko jaiak antolatu dituzte bizilagunek, beraz, igandeko egun handiarekin bukatuko dira ospakizunak. Izan ere, Pilar Eguna izaten da jaietako egun handia urtero; hala, sagardo jaiaren aitzakian, aurten ere jai aparta egingo dute Arantzazuko Ama ikastolaren jolastokian: barazki eta artisautza azoka, bakailua pil-pil erara lehiaketa, trikitilariak… zoritxarrez, ordea, Motxila 21 taldearen kontzertua bertan behera utzi behar izan dute. Jai batzordeak IRUTXULOKO HITZAri jakinari dionez, Andoni Zilbeti gitarra-jotzaileak istripu larria izan du, eta ospitalean dago. Hori dela eta, taldekideak ezingo dira Martutenera joan. Down Sindromea duten musikariek osatzen dute Motxila 21 rock talde nafarra, eta gizartean eragitea du helburu, taldekideek ongi pasatzen duten bitartean. Azkenean, Garibaldi mariatxi taldeak beteko du hutsunea, igandean, 18:00etan.
Herri kroserako izen ematea zabalik dago
Pilar Egunean, igandean, sagardoa edan aurretik kirola egiteko aukera ere egongo da Martutenen. Martuteneko Jaietako XXIII. Krosa egongo da jokoan, 10:00etan, eta partaideek 6’6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Hala, auzoko kaleetan barrena jarritako zirkuituari hiru itzuli eman beharko dizkiete korrikalariek. Izen ematea zabalik dago
Herrikrossa.com webgunean, eta U51 eta Laister kirol dendetan. Lasterketaren egunean bertan, proba hasi baino 20 minutu lehenagora arte ere izena emateko aukera egongo da.