Zabor edukiontziak kaletik kentzeko eskatuko diete udal agintariei
Gipuzkoa Zero Zabor taldeak gerra deklaratu dio zabor edukiontziari, “gerra ideologikoa”, zehaztu dute. Guda dantza baten bidez irudikatu dute euren protesta, Easo plazan grabatu duten bideo batean. Orain kanpaina bat hasiko dute, zabor edukiontzia kalean duten hainbat herritara iritsiko dira hurrengo asteetan. Bertako udal agintariei arduraz jokatzeko eta zabor edukiontziak kaleetatik kentzeko eskatuko diete. Orain arte hondakinak birzikaltzearen ardura herritarrengan egon dela uste du Zero Zabor taldeak, eta agintariek erabakiak hartzeko ordua dela aldarrikatu nahi dute. Lehen ekitaldia ostiral honetan (hilaren 10ean) Andoainen egingo dute. Donostiara urria bukaeran iritsiko dira.
Zabor edukiontzia desagertzeko kanpaina hau kalera aterako dute. Erdialdeko zenbait edukiontzi aukeratu eta zigilatu egingo dituzte, hondakinak nahasteak zaborra sortzen duelako, eta ondorioz, osasuna eta ingurumena kaltetzen dutelako. Zabor edukiontzia kentzen denean, gaikako bilketan igoera ikusgarria gertatzen dela eta zaborra murrizten dela azaldu du taldeak.