El Hassan Oubadi eta Ainhoa Murua izan dira azkarrenak Hiru Hondartzetako Krosean
Lasterketaren 25. urteurrena bete da, eta 3.000 partaide inguru aritu dira eguzkipean korrika.
Lasterketaren hasieratik buruan jarri da, eta hortxe mantendu da bukaerara arte El Hassan Oubadi, Hiru Hondartzetako Krosean. Korrikalari marokoarrak 31 minutu behar izan ditu hamar kilometrotako ibilbidea egiteko, eta abantaila handia atera die bigarren eta hirugarren postuan iritsi diren Unai Arroyo eta Kamel Zianiri. Ainhoa Murua triatloilari ezaguna izan da lehen emakumea. Muruaren atzetik sailkatu dira Maite Arraiza eta Ana Oyo, hurrenez hurren. Jakintza Atletismo Klubak 25. urtez antolatu du lasterketa, eta eguraldi ona lagun, 3.000 partaide inguru izan ditu probak.
Partaide asko eta askok Behobia-Donostia lasterketarako prestaketa moduan erabili dute gaurko krosa, eta bat baino gehiagok asko sufritu du egiten zuen beroa zela eta. Edonola, ikusleek ez dute hutsik egin eta txalo artean jaso dituzte partaide guztiak.



