Martutenek eta Amara Berrik itxi dute auzoetako jaien egutegia
Igandea bukatzearekin batera bukatuko dira auzoetako jaiak. Izan ere, Martutene eta Amara Berri izan dira euren jaiak ospatu dituzten azken auzoak, ostegunean hasi eta gaur arte. Bi jai guneek umoretsu hasi dute jaietako azken eguna, goizean egindako sagardo dastaketekin, eta bietan ere izango dute zer ospatu eguna bukatu bitartean. Bai Martutenen eta bai Amara Berrin mus txapelketak jokatuko dituzte arratsaldean.
Martutenen, Arantzazuko Ama ikastolaren jolastokian elkartu dira festazaleak gaur goizean, sagardoa, herri kirolak, taloak, barazki eta artisau azoka, eta bakailu pil-pil erara lehiaketarekin. Amara Berriko jaien gune nagusia, berriz, Olaeta plaza izan da, eta aurten hiru egunetatik lau egunera luzatu dituzte, azken urteetako arrakastaren ondorioz.
Auzoetako jaiak bukatuta ere, urte bukatu bitartean izango dira jai gehiago hirian, abenduaren 21eko Santo Tomas eguna, esaterako.



