Konpostajeari buruzko nazioarteko jardunaldia hartu du Donostiak
Gaur eta bihar mundu osoko 40 aditu elkartuko dira Koldo Mitxelena Kulturunean.
Europako Zero Zabor sareak antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean, konpostajeari buruzko nazioarteko jardunaldia egiten ari dira Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean. Jardunaldiak profil tekniko nabarmena du: Ingalaterrako, Herbehereetako, Espainiako, Kataluniako, Frantziako, Italiako, Txinako eta Hegoafrikako adituak etorriko dira, besteak beste. Hizlariak Enzo Favoino, Marco Ricci eta Alberto Confalonieri dira, Scuola Agraria del Parco di Monza-ko kideak. Eskola hau gaikako bilketaren sustatzaile nagusietakoa da Italian. Marco Ricci, esaterako, Milango atez ateko bilketa sistemaren ezarpenaren arduraduna da.
Konpostajearekin lotutako hainbat alderdi izango dituzte aztergai; hala nola, Europako Batasunaren eta nazioarteko zuzentarauak, gaikako bilketaren oinarri nagusiak eta bilketa honen kostuen optimizazioa. Arratsaldean, bisita egingo dute Hernanin bertako bilketa sistema eta auzo konpostaguneak ezagutzeko. Astearte goizean, Koldo Mitxelenan, deskonposizio organikorako teknologiak eta konpostaren kalitatea eta erabilera aztertuko dituzte, besteak beste, eta arratsaldean bisita egingo dute Lapatxeko konpostatze plantan.

