Urriaren 30ean torturaren aurka mobilizatzera deitu dute 28 auzipetuek
“Euskal Herriko txoko guztietara” eraman nahi dute salaketa. Egun hauetan poliziek duten “zigorgabetasuna” bertatik ikusi dutela adierazi dute
Gazteak jarraitu, atxilotu eta inkomunikazio aldian galdekatu zituzten poliziek deklaratu dute Espainiako Entzutegi Nazionalean. Aurreikusitako lekuko batzuk erretiratu egin ditu fiskaltzak, eta hilaren 20, 21 eta 22an egitekoak ziren saioak bertan behera geratu dira. Ondorioz, hilaren 30ean jarraituko dute deklaratzen poliziek, eta defentsaren lekukoen txanda izango da ondoren. Egun horretarako, torturaren aurkako mobilizazio eguna iragarri dute auzipetuek. “Euskal Herriko txoko guztietara” eraman nahi dute salaketa, eta datozen egunetan harremanetan jarriko dira arlo ugaritako eragileekin, urriaren 30erako mobilizazioak bultzatzeko asmoz.

