Zuatzuko Pi@ eraikina 52 enpresaren egoitza da jada
Ikus-entzunezkoen Berrikuntza Guneak hiru urte bete ditu, eta bere ibilbidearen balantze oso baikorra egin dute bai udal ordezkariek bai bertako erabiltzaileek ere.
eskaintza desberdina duten enpresak barneratzen ditu Pi@ eraikinak: Hamaika Telebista, Euskabea Renovables, Ibaia, Nekatur, Target Event S.L … guztiek dute lotura mundu digitalarekin edo ikus-entzunezkoekin, bakoitzak bere erara. Batera egotean, ordea, aukerak dituzte elkarlanerako. Sektorean bereizitutako hiru ikasketa gune ere badaude enpresen artean: Area, Centa eta Inkor. Horrek erraztu egiten du hezkuntza eta enpresa munduaren arteko zubia, eta batean ikasitakoak bestean praktikan jartzeko aukera izan dezakete ikasleek. “1993tik gaude Donostian, Grosen genituen bi egoitzekin. Hona etortzeko arrazoia proiektuak gure filosofiarekin bat egiten zuela izan zen; eta ondoan enpresak izateak zentzu guztietan aberastu gaitu”, azaldu du Area akademiako zuzendari Ibon Juaristik.
Coworking espazio bat ere abian jarri dute azken urtean, elkarrekin sortzea bultzatzen duen kolaborazio-ingurunea. Horrek ekintzaileei eta enpresa txikiei lantoki bat lortzeko aukera eskaintzen die, alokairu-prezio baxuarekin (149 euro hilabetean). Dagoeneko 14 ekintzaile eta enpresa daude coworking-ean.
Beste hainbat jarduera
Ikus-entzunezko gunearekin lotuta, hainbat jarduera ditu eskuartean Donostiako Sustapenak. Batetik, hirian bideojokoaren industria bultzatu nahi du The Games Factory Donostia plataformak, eta horretarako, ekintza anitzetan era aktiboan parte hartzen duten hiriko eragileen eta enpresen kolaborazioa behar du. Halaber, hirian errodajeak egiteko ekoizleak erakartzen eta lana errazten dihardu azkeneko hamar urteotan San Sebastian Film Commissionek. Bestetik, Fantasiazko eta Beldurrezko Astearekin lankidetzan, eta 25. urteurrena ospatzeko, Film In San Sebastian Lehiaketaren bigarren edizioa antolatu dute; sariketa horretan, Donostian errodatutako beldurrezko edo fantasiazko film laburrak sarituko dituzte.
Donostiako Udalak 22 milioi euroko inbertsioa egin zuen Zuatzuko Pi@ eraikinaren proiektua aurrera ateratzeko; abian jarri eta hiru urte geroago, erabaki oso ona izan zela ziur dago Juan Karlos Izagirre alkatea: “Batzuetan zalantzak egoten dira inbertsioak egiterakoan, baina argi dago honetan guztiz asmatu genuela”. Zehazki, Ikus-entzunezkoen Berrikuntza Gunea da Pi@; Donostiako Sustapenak kudeatzen du, eta pixkanaka haziz joan da. Momentu honetan, 52 enpresen etxea da Pi@, 6.000 metro koadrotan, eraikinaren %63 beteta. Gainera, laster okupazioaren %70 betetzera iritsiko direla espero dute arduradunek. “Konfiantza handia dut oraindik ibilbide luzea izango duela”, gehitu du harro alkateak. Komunikabideentzako ireki dute eraikina gaurkoan, bere funtzionamenduaren berri izateko. Bertan diharduten langileek ere positibotzat jo dute sektore bereko enpresekin eraikin bera banatzea. Horretaz gain, eta ikus-entzunezkoen eta eduki digitalen sektoreko beste 30 enpresa daude sustapenaren Cemei eta Zentek guneetan.
Enpresentzat onuragarria izateaz gain, hiriarentzat berarentzat ere Pi@ eraikinaren funtzionamendua oso ona dela aipatu du behin eta berriro alkateak. Hala, ikus-entzunezkoen sektoreak hiriko Barne Produktu Gordinaren %2,9 sortzen duela aipatu du, eta Donostiako enpleguaren %1,9 suposatzen duela.
Azken batean, sare berean lan egiten dute enpresa txiki eta ertain askok, guztiak ere eduki digitalean eta ikus-entzunezkoetan berezituak daudenak, eta formazio zuzena eskaini eta jasotzen dute; gainera, nazioartera zabaltzeko erraztasunak dituzte. Izan ere, leku berean lan egitean, enpresa bakoitzak gainontzekoek egiten dutenaren berri izaten dute, eta euren lanerako zein besteei laguntzeko onurak jasotzen dituzte. “Kuantitatiboki onuragarria izan dela argi dago, baina bereziki kualitatiboki ona izaten ari da”, azaldu du Donostiako Sustapeneko Ruth Jordek. Gainera, laster Londresen eta Parisen delegazio bana irekitzeko asmoa dutela jakinarazi du Jordek. Hala, tokiko enpresek hiri horietan dituzten interesak jasoko dituzte, haien kezkei erantzunez.
Elkarlana eta coworking espazioa
Sektore beraren barnean,