Artikutzako bioaniztasuna aztertzeko ikerketa beka bat sortuko dute
Tokiko Gobernu Batzordeak ostiral honetan onartuko du 19.540 euroko beka, eta datozen asteetan argitaratuko dute Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Artikutzako bioaniztasuna hobeto aztertu eta ezagutzera emateko sortuko du udalak ikerketa beka. Axier Jaka, Ingurumen zinegotziaren arabera, “udalak borondate argia du naturgune honen inguruko jakintza zientifikoa bultzatzen jarraitzeko, eta hala, haren ingurumen kudeaketa hobetzeko. Hori dela eta, ezinbestekoa dela uste dugu urtero ikerketa beka bat sustatzea, bai gunearen biodibertsitateaz gehiago jakiteko eta baloratzeko, eta baita beka jasoko duten ikertzaileen formakuntza bultzatzeko ere”.
Artikutzak duen aberastasunaren erakusgarri, Donostiako Udalak Artikutzako urari lotutako ekosistemen diagnostikoa argitaratu zuen urtarrilean. “Lan horretan balio handiko informazioa jaso dute, bereziki, ur sistemaren gainean. Hala ere, oraindik ere badira informazio hutsune batzuk beste habitat eta elementu askoren inguruan, zabalera handiagoa edo txikiagoa baina ekologiaren aldetik balio handia dutenak, eta baita gune horretan bizi diren bizidun espezie edo poblazio askori buruz ere, eta beka honen bidez horretan guztian sakondu nahi dugu”, esan du Jakak.


