Pobreziaren aurkako BiziMartxa egingo dute ostiralean
Herritar guztiei jardueran parte hartzeko deia egin die Donostiako Zero Pobrezia plataformak.
Pobrezia eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, ostiralean (urriak 17), BiziMartxa egingo dute. Bizikleta gainean egin dute deialdia Donostiako Zero Pobrezia plataformako zenbait kidek, Nautikoan. Haizearen Orrazitik irtengo dira 17:00etan, Txita Sound System musikaren laguntzarekin. Erdialdetik egingo dute bidea eta Sagueseraino iritsiko dira; baina, BiziMartxa Bulebarrean amaituko da, pobrezia energetikoa jorratuko duen kale antzerki batekin. Jarduera honen helburua plataforma bera eta bere aldarrikapenak ezagutzera ematea da.
BiziMartxaz gain, aste honetan beste hainbat jarduera antolatu dituzte. Izan ere, ikastaro bat egin zuten atzo Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide fakultatean. Pobrezia energetikoaren ikuspegi ekologista landu zuten, ohiko sistemaren alternatiba gisa. Plataformako kide Irene Molerok azaldu duenez, ikasle asko egon ziren bertan, eta kolektibo horrengana iristea zen euren xedea. Bihar, asteazkena, Valentziako Unibertsitateko Victoria Pellicer adituak pobrezia energetikoa salatzeko hitzaldi bat eskainiko du, eta energia berriztagarrien berri ere emango dute.
Donostian 26 erakunde
Donostiako Zero Pobrezia Plataforman 26 erakundek hartzen dute parte. Beste kolektibo batzuekin elkarlanean aritzen dira, gizarte mugimenduen sinergia ezarriz. Pobrezia estrukturalak badituela arduradun batzuk salatzen dute, eta beti ardatz tematiko batzuk aukeratzen dituzte. Ekainean emakumeen pobrezia izan zen ardatz, eta oraingoan pobrezia energetikoa salatu nahi dute, Ez lapurtu gure energia! lelopean. Etxebizitza batek bere gutxieneko behar energetikoak bermatzeko gaitasunik ez izatea bezala definitzen dute: osasun arloan, behar higienikoetan, oinarrizko erosotasunetan… Gipuzkoan, esate baterako, etxebizitzen %17ak pobrezia energetikoa pairatzen du.
[box]
POBREZIAREN AURKAKO ASTEA: JARDUERAK
- Urriak 15, asteazkena. 16:30. HITZALDIA.
- Urriak 16, osteguna. 19:00. MAHAI INGURUA.
- Urriak 17, ostirala


