Gaurko udalbatzarra. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
2015. urteko zergak eta tasak finkatzeko ez ohiko udalbatzarra egin dute gaur, eta gai nagusietan, orokorrean, jaitsierak edo herritarrek gutxiago ordaintzeko neurriak erabaki dituzte.
Aho batez hartutako erabakietako bat
Eraikin, Instalazio etaObren Gaineko Zerga jaistea izan da; ICIO izenekoa, hain justu. Kasu honetan, 2016ko Europako kultur hiriburutza oso presente egon da eztabaidan. «Hiriburutzak ematen dituen aukerak baliatzeko eta hiria 2106rako prestatzeko» neurrien artean hartu dute erabakia, Ogasun zinegotzi Nekane Burutaranen hitzetan. Hain zuzen ere, ICIOk eraikuntza eta berritze lanak arautzen ditu, eta udal gobernuak hasiera batean proposatutakoa baino jaitsiera handiagoa hitzartu dute azkenean; %5eko zergatik %3 eta %2,25ko zergara pasatzea, gune eta jardueraren arabera. Era berean, EAJk eskatuta, Amara krisiak kolpatutako auzoen zerrendan sartzea erabaki dute, gune horietan dituzten abantailak ere izan ditzan.
ICIO zergarekin ez ezik, guztien arteko adostasuna ere egon da
Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga arautzen duen ordenantza fiskala aldatzeko proposamenean. Etxebizitza hutsen jabeei aplikatzen zaien gainkarga izan dute hizpide. Espekulazioa helburu dutenen edo bigarren etxebizitza soil bat dutenen arteko bereizketa egin dute, lehenengoei bakarrik gainkarga aplikatzeko.
Oposizioa eta udal gobernuaren arteko adostasuna, ordea, ez da beste zerga nagusietan eman. PSE-EEk, PPk eta EAJk bat egin dute
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zerga jaisteko garaian: %4ko jaitsiera hitzartu dute. «Hiriko zergarik altuenetako bat» dela kritikatu du PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok, eta herritarrek «zerbitzuak kalitatea eduki gabe» ordaindu behar izan dutela nabarmendu du. «Errepideen egoera oso eskasa da», erantsi du.
Era berean,
TAO sistemaren 2 eta 3 tarifak aldatzea adostu du oposizioak, «langile autonomoen mesedetan». Tarifa finko bat ezartzea erabaki dute, hain justu. Donostian egoitza duten enpresa txikietako autonomoek, esaterako, 4,81 euro ordainduko dute gehienez egun osoan. Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk berretsi du Bildu ez dagoela ados ibilgailuen zergan eta TAO sisteman adostutako aldaketekin. «Zergak jaistea ez da politika fiskal iraunkor bat egiteko modu bakarra», aipatu du.
Jaitsierak izan dira nagusi, baina igoerak ere adostu dituzte udalbatzarrean.
Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zerga %1 igotzea erabaki dute, adibidez, milioi bat euroko fakturazioa baino gehiago duten enpresei. Udal gobernuak, PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu dute, PPk kontra. Adostutako neurrien artean, hobariak daude langileak kontratatzeagatik.
Eguzki-oihalen prezioei buruz ere hitz egin dute. Udal taldeak ez dira ados jarri; beraz, aurtengo tasak matenduko dira hurrengo urtean. Eztabaida izia izan da honakoa. Oposizioak proposatutako jaitsieraren aurrean, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsorok esan du ez diola zentzurik ikusten, «oinarrizko zerbitzu bat ez delako».
Ez ohiko udalbatzarraren hasieran, udal talde bakoitzak bere jarreraren berri eman du, eta bertan ikusi ahal izan da Donostia 2016 egitasmoak zenbait erabakitan izango zuen garrantzia. EAJko bozeramaile Eneko Goiak azaldutakoaren arabera, «2015. urteak berezia izan behar du donostiarrentzat, 2016rako hiriak prestatzeko aukera izango duelako. Helburu horrekin egin ditugu zuzenketak, jarduera ekonomikoa eta zaharberritzea bultzatzeko eman beharreko laguntzak oinarri». PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok, berriz, bere alderdiaren ardatzak azaldu ditu: «Jarduera ekonomikoa berpiztu nahi dugu, onenak garen sektoreetan: zerbitzuetan, kasu». PPko bozeramaile Ramon Gomezek, bere aldetik, jaitsierak babestuko zituztela aurreratu du: «Ezin ditugu donostiarrak itota eduki; euren bizi kalitatean aldaketarik ez izateko, gainera». Udal gobernuko bozeramaile Josu Ruizek baieztapen horri erantzun dio: «Oso erraza da ‘hau ez da egiten’ esatea, baina gero diru gutxiago uzten zaio udalari hau edo bestea egiteko».