Eresoinka omenduko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak
Garikoitz Mendizabal txistularia eta Marta Zabaleta eta Miguel Borges pianistak bakarlari gisa arituko dira, abonu denboraldiko bigarren programan.
Isabel Urrutia algortarrak idatzi berri du enkarguz eskatutako Eresoinka obra, eta bertan, Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarra arituko da bakarlari gisa, estreinua izango delarik; bestetik, Marta Zabaleta eta Miguel Borges pianista bikotearekin Mozarten bi piano eta orkestrarako kontzertua eskainiko dute; eta Brahmsen lehen sinfonia, mi minorrean izango da programa itxiko duena.
Zehazki, urriaren 18tik 23ra eskainiko dituzte emanaldiak, Carlo Rizziren zuzendaritzapean, hainbat euskal hiriburutan. Donostian, urriaren 20an eta 23an arituko da orkestra, bi egunetan Kursaalen, 20:00etan.
Bakarlariak gogotsu
Garikoitz Mendizabal esperientzia eta ibilbide handiko txistularia da. Bilboko Udal Txistularien Bandaren zuzendaria da egun, eta bakarlari moduan ere aritzen da. Musika-talde ospetsu ugarirekin lan egin du bakarlari moduan Madrilgo Erkidegoko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, Hego Koreako Chun Cheon Philarmonic Orchestrarekin eta Gyonbook Philarmonic Orchestrarekin aritu da, besteak beste. Euskadiko Orkestrarekin batera interpretatuko du oraingoan Eresoinka. “Oraingoan obra garaikideago bat interpretatuko dut orkestrarekin. Lortu nahi dugu txistulariei naturalki aukera ematea orkestretan bakarlari gisa aritzeko”, aipatu du Mendizabalek. “Nik sentitzen dudana idatzi nahi nuen, baina txisturako. Folkloreko melodia bat erabili dut lan osoan zehar gida moduan”, gehitu du Urrutia musikagileak.
Pianistei dagokienean, lehen aldiz arituko dira biak orkestrarekin. Izan ere, Marta Zabaletak lehenago ere kolaboratu izan du, baina Miguel Borgesentzat lehen aldia izango da. “Nota bakoitza perla bat da, bere funtzioa du bakoitzak. Bi pianistak aurrez aurre egongo gara, begietara begiratuz, baina gardentasuna egongo da. Piezak berrehun urte baino gehiago dituen arren, gaurkotasuna izaten jarraitzen du”, azaldu du Zabaletak.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Abonu denboraldiaren bigarren programa:
Lapurdin sortutako folklore talde bat izan zen Eresoinka, Eusko Jaurlaritzak 1937an sortu zuena. Orduko Eusko Jaurlaritzak Hego Euskal Herriaren egoera munduan azaldu nahi zuen, faxisten erasopean zegoela jakinarazteko, eta hori izan zen taldearen helburu nagusia. Arrakasta handia izan zuen Eresoinkak eta aurten desegin zenetik 75 urte bete dira. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak talde hura omentzea erabaki du, abonu denboraldiaren bigarren programan; izan ere, Enrique Jorda Eresoinkako kideetako bat izan zen, eta aldi berean, bera izan zen Euskadiko orkestraren lehen zuzendaria.
- I. Urrutia: Eresoinka (10 minutu).
- W.A. Mozart: Bi piano eta orkestrarako kontzertua mi bemol maiorrean (24 minutu).
- J. Brahms: Sinfonia do minorrean (45 minutu).