Esklerosia ez dadila gailurrera heltzeko oztopoa izan
Asier Lakadena intxaurrondotarrarentzako gurpil aulki motordun bat lortzeko dirua bildu nahi dute. Kontzertuz betetako elkartasun jaialdia egingo dute larunbatean Intxaurrondo kultur etxean.
Asier Lakadena intxaurrondotarrarentzako gurpil aulki motordun bat lortzeko dirua bildu nahi dute.
Kontzertuz betetako elkartasun jaialdia egingo dute larunbatean Intxaurrondo kultur etxean.
Txikitatik mendizalea izan da Asier Lakadena Laka. Eta txikitatik, Intxaurrondoko kuadrillarekin bizi eta partekatu izan du mendizaletasuna. Elkarrekin igo dira hainbat mendi tontorretara. Denbora pasa ahala, ordea, Lakarentzat geroz eta zailagoa da mendira joatea. Esklerosi anizkoitza dela eta, bere oinek ezin diote bihotzari jarraitu.
Kuadrillakoak elkartu egin dira, eta Lakari gurpil aulki motordun bat erosteko dirua lortu behar dutela erabaki dute . Zer bururatu? Kontzertu handi bat egitea: “Euskal Herrian hala da, edo bazkari bat egiten duzu, edo kontzertu bat egiten duzu. Gainera, lagun askok musika taldetan jotzen dugu”, azaldu du Lakaren lagun Aritz Jimenezek. Elkartasunez, eta elkarrekin gailurrera iristen jarrai dezaten, Makulu Fest musika jaialdia egingo dute larunbatean Intxaurrondo kultur etxean, 21:00etan.
Rock, hardcore, punk, elektronika, ska eta makina bat erritmo entzungo dira eszenatokian. Lasarteko Despervicio, Zarauzko Hilkar, Esne Beltza, Donostiako La Hora del Primate, Safety Pins, NCC eta Bullet Proof Lovers punk rock taldeak eta Hondarribiko Deskode ariko dira zuzenean. Sarrerak Egiako Bukowskin eta Intxaurrondoko Zulo Zahar elkartean eros daitezke 12 eurotan, baita Donostia Kulturako webgunean ere.
Jaialdia iragartzeko bideo dibertigarri bat egin dute lagunek. Bertan agertzen dira Andoni Mendizabal eta Ioritz Apaolaza lagunak, Laka laguntzeko balde bat urarekin bustitzeko eta askoz gehiago egiteko prest daudela erakusteko. Izan ere, lagunak beti izan ditu ondoan; euren ikastola izandakoa okupatu, eta Letaman gaztetxea zutik jarri zutenetik. Horrela ezagutu baitzuten elkar guztiek.
Gaztetxeak, eta mendiak elkartu zituen denak. Mendira joaten hasi ziren hamalau urterekin, “kirol zaletasunagatik baino, gurasoen etxetik alde egiteko eta mundu berri bat sortzeko ilusioa genuelako”, azaldu du Jimenezek. Eta Laka euren gidatzat dute guztiek: “Berak eraman gaitu beti leku guztietara, berak ezagutzen ditu ibilbide guztietako txokorik onenak eta beti daki nora eta nondik joan behar den. Bitxia da, orain kuadrillako askok mendi gida izateko titulua eskuratu dugu eta!”.
Esklerosi Anizkoitza dela eta oinez ibiltzeko gero eta arazo gehiago izan ditu Lakak: “Hamasei urterekin eskuetan hazkura zuela esan zigun, eta orduan hasi zen dena. Gaixotasuna mendira joateko traba izan ez adin hainbat gauza egin ditugu. Egurrezko tresna batzuk egin genituen, adibidez. Eta Urbasara asto gainean eraman genuen”. Elkarrekin mendira joateko guztia egin dute. “Halere hau guztia ez da nahikoa, eta horregatik behar dugu aulki motordun berezi bat, lau gurpilduna eta trakzio handia duena”. Kontzertura joateko aukerarik ez dutenek ekarpen bat egin dezakete 30350282512821019894 kontu korrontean. Baina bideoa ikusten duenak badaki Intxaurrondora joan behar duela…Lakaren lagunek bideoan esan duten moduan… Etorri ala hil!