'Ika Mizka' Deustuko unibertsitatera iritsiko da azaroaren 13an
‘Gaztezulo’ aldizkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu dituzte gazteentzako mahai-inguru bereziak, hirugarren urtez jarraian.
Ika Mizka; ta hik? Nola bizi dunk euskara? jarduera Donostiara iritsiko da laster. Gaztezulo aldizkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu dituzte mahai-inguru bereziak, hirugarren urtez jarraian, gazteak euskararen erabileraren garrantziaz sentsibilizatzeko asmoarekin. Zehazki, solasaldia eta zizka-mizkak uztartzen dituen saioak dira Ika Mizka, eta hiru saio egingo dituzte aurten. Saio horietako bat Donostiako Deustuko Unibertsitatean izango da, azaroaren 13an. Izan ere, iaz EHUk eta Mondragon Unibertsitateak lankidetzan jardun zuten, eta aurten Deustuko Unibertsitatea ere arituko da elkarlanean.
Mahai beraren bueltan, unibertsitateetako gazteak eta nahi duten herritarrak eseriko dituzte, pertsonaia erreferentzialekin batera. Hala, ezagunek eta gazteek gai zehatz baten inguruan dituzten kezkak eta bizipenak partekatuko dituzte. Noski, guztia euskaraz. Jarrera aktiboagoak bultzatzeko ahalegina egiteko, unibertsitate bakoitzean ikasketa eta lanbide arlo bati lotuko diote mahai-inguru bakoitza:
- Urriak 30. Oñatin, Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza Falkultatean. Gaia: Enpresagintza.
- Azaroak 13. Donostian, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako Campusean. Gaia: Komunikazioa.
- Abenduak 3. Donostian, UPV-EHUren Erizaintza Unibertsitate Eskolan. Gaia: Erizantza.