Marrazkien bidez islatuko dute kultur aniztasuna
Marrazkiak Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxera bidali behar dira 2015eko urtarrilaren 30 baino lehen.
Giza Eskubideen sailak Artea eta Giza Eskubideak XI. marrazki lehiaketa jarri du abian; Kultur aniztasuna da aurtengo gaia. Parte hartzaileen adinaren arabera, lau maila zehaztu dituzte: 6-8 urte, 9-12 urte, 13-15 urte, eta 16-18 urte. Maila bakoitzean lanak banaka edo taldeka aurkez daitezke.
Epaimahai ofizialak aurre sailkapen bat egingo du, eta irabazleak nortzuk diren erabakiko du. Gero herritarrek ere horien artean maila bakoitzeko lanik hoberenak aukeratu ahal izango dituzte Bakearen eta Giza Eskubideen webgunearen bidez. Sariak, berriz, 2015eko apirilaren 19an banatuko dituzte, udaletxean.
Dena dela, aurkeztutako lan guztiak ikusgai egongo dira Viktoria Eugenia Antzokiko erakusketa aretoan, 2015eko apirilaren 17tik 24ra bitartean, Giza Eskubideen Zinemaldiarekin batera.
Gainera, ‘Bazen behin irudi bat…’ liburuxka argitaratuko dute parte hartzaile guztiei banatzeko, lan onenen eta sentiberatasun gehien dutenen aukeraketa bat eginez.