Adinekoentzako 47 apartamentu egingo dituzte erdialdean
Berrogei pertsonentzako eguneko zentro bat ere egingo da, Arrasate kalean.
Zorroaga Fundazioko Patronatuak gaur goizean esleitu ditu Arrasate kalean adinekoentzako tutoretzapeko apartamentuak eta eguneko zentroa egiteko lanak. Alberola Apezteguia Aldi Bereko Enpresa Batasunak lortu du esleipena. Behin betiko proiektuaz eta obra zuzendaritzaz arduratuko da. Hortaz, 47 apartamentu egingo dira adinekoentzat, bai eta eguneko zentro bat ere, 40 pertsonarentzat.
Egoitza erakundeak Arrasate kaleko 51ean duen eraikin batean egongo dira. Lanak datorren urtean hastea espero dute, proiektua idatzi eta obra esleitu eta gero. Lursailak, guztira, 416 metro koadro dituen arren, eraikitzeko modukoak diren 360 metro ditu. Aurreproiektuan jasotakoaren arabera, fatxada mantenduko da, dituen babes maila eta egoera ona direla eta.
Iraunkortasuna irizpide
Iraunkortasuna izan da proposamen osoa gidatu duen irizpide nagusia, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik. Proiektuak eraikina birgaitzearen alde egiten du eta, energiaren kudeaketa, energia eraginkortasuna eta isurpenen kontrola elkartu nahi ditu. Honela, Kiotoko protokoloa beteko du. Protokolo horren helburua klima aldaketa geldiaraztea da, CO2 bezalako berotegi efektuko gasek eragindako kutsadura murriztuz. Bestalde, obra hauetan bio-eraikuntzako materialak erabiliko dira. Lanak egiteko aurrekontua 1.598.000 eurokoa da.
Udal gobernuak joan den maiatzean aurkeztu zion proposamen hau Fundaziora. Juan Karlos Izagirre alkatea eta fundazioko presidentea pozik agertu dira proposamena aho batez onartu delako, eta horrek adinduen eta bereziki egoera ahulenean dauden pertsonen egoera hobetzea ekarriko duelako, etxebizitzak eskuratzeko garaian lehentasuna izango baitute: “Donostia hirugarren adinarekin hiri lagunkoia da, eta gure lehentasuna da herritarrentzako hiriak sortzea, herritarrentzako espazioak konkistatzea eta pertsona ahulenentzako espazioak berreskuratzea, txikienetatik hasi eta handienetaraino, beren autonomia sustatuz, eta, zentzu horretan, nabarmendu nahi dut aurreneko aldia izango dela adineko pertsonei hiriaren erdialdean kalitatezko zerbitzu bat eskainiko zaiela”.