Herritarren partaidetza sustatzeko 12 proiektu eta 22 elkarte diruz lagunduko ditu udalak
Eskaera gehienek 1.500 eurotik gorako laguntza jasoko dute.
Donostiako Udalak Auzo eta Herri Partaidetzako diru laguntzen inguruko ebazpena aurkeztu du. Ekarpen ekonomiko hauek gizarte mugimendua sustatzea dute xede, gizarte sarea, elkarlana eta elkar ezagutza eta gizarte kohesioa bultzatuz.
Diru laguntzak bi multzotan banatu dituzte: batetik, herritarren parte hartzea sustatzen duten proiektuetan; eta, bestetik, auzo elkarteetan. Eskaera gehienek (%90) 1.500 eurotik gorako laguntza jasoko dute.
24 elkartek eskatu zuten laguntza, 27 eskaera ezberdinen bidez. Horietatik 14 batzordeak ez zituen onartu, baldintzak betetzen ez dituztelako. Halere, horietatik bederatzi beste diru laguntza batzuetara bideratu ditu. Aztertutako hamairu proiektuetatik hamabi bideragarri jo dira. Zortzi proiektuk eskatutakoa edo diruz lagungarri diren gastuen %100 jasoko dute, eta beste lauek %97, %64, %56 eta %51. Lurraldetasunari dagokionez, hiru hiri mailakoak dira, lau Altzakoak, bi Egiakoak eta bana Antigua, Igeldo eta Añorgakoa.
Auzo elkarteen diru laguntzetara, berriz, 27 proiektu aurkeztu zituzten: hauetatik bost eskaera batzordeak ez ditu onartu, baina beste 22 auzo elkarteek diru laguntza eskatuko dute.