Oroimen historikoari buruzko ikastaroa, Aiete kultur etxean
Izen ematea azaroaren 28a bitarte egongo da zabalik.
Kazetari eta ikertzaile Eztizen Mirandak oroimen historiakoaren aldeko komunikazioa eta ekintza kolektiboa nola sustatu daitezkeen azaltzeko tailerra eskainiko du. Horretarako, hainbat informazio teknika baliatuko ditu abenduaren 12an eta 13an Aiete Kultur Etxean eskainiko duen tailerrean.
1936ko estatu kolpearen geroztiko gerra zibilaren eta diktadura frankistaren ondorioz inposatutako isiltasun aldiaren ondoren, egun, oroimen historikoaren kontzeptuak hedadura sozial eta mediatiko zabala hartu du. Ondorioz, tailer honek oroimen historiakoaren inguruko komunikazio prozesu eta estrategia egokiak lantzen ikasteko balioko du.
Ikastaroaren hartzaileak komunikazioko, hezkuntzako nahiz beste gizarte arloetako profesionalak izan daitezke. Azken batean, parte har dezakete oroimen historikoaren alorrean esku hartzen dutenek, edota gaian interesa dutenek. Metodologiari dagokionez, dinamikoa eta parte hartzailea izango da: albisteak aztertuko dira, eztabaida sustatuko da eta ekintza kolektiboaren aldeko teknikak eta azalpen teorikoak eskainiko dira.
Tailerrera bertaratzeko interesa izanez gero, azaroaren 28a arte izen emateko aukera zabalik egongo da, Aiete Kultur Etxean bertan zein Donostia Kulturaren webgunearen bidez. Ikastaroak 40 euro balio ditu, baina Donostia Kulturaren deskontuak aplikatu daitezke.
[box]
Zer: Komunikazio tailerra, nola informatu oroimen historikoari buruz.
Noiz: Abenduaren 12an (17:00etatik 20:00etara) eta abenduaren 13an (10:00etatik 13:00etara).
Non: Aiete kultur etxean.
Prezioa: 40 euro.
[/box]