Txapiñeneko lanek sortu dituzten arazoei aurre egiteko eskatu dio EAJk udal gobernuari
Altzako Txapiñeneko terrazen lanak egiten hasi zirenetik, bertan dendariek arazoak dituztela salatu du EAJk. Izan ere, “terrazetan egiten ari diren egokitze lanen ondorioz, behekaldean kokatu dauden dendetan ura erortzen ari dela diote denden jabeek eta udalak ez du inolako neurririk hartu. Bada ordua arazo honi aurre egiteko”, azpimarratu du alderdi jeltzaleko zinegotzi Martin Ibabek.
Arazo hau 2009an hasi zituzten lanetan dagoela azaldu dute. “Egindako inbertsioa oso handia izan zen, bi milioi euro ingurukoa. Honela, pribatuak ziren terrazak udalaren eskuetara pasa ziren”. Lanek terrazen egoera hobetzeko balio izan zutela onartu du Ibabek, baina terrazen behealdean dauden dendetara ura iristen dela dio.
“Dendariek erreklamazioak aurkeztu dituzte, eta udal teknikariekin izan dira, baina ez zaie erantzun zehatzik eman”. Hortaz, EAJk udal gobernua interpelatuko du astelehenean, eremu publikoaren inguruko batzordean.