"Zinema aretoan sortzen den giroa izugarria da"
Txandatzen ibili diren arren, zinezaleek ordu ugari igaro dituzte ilaran.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXV. Astearen aurkezpenean Kultura zuzendari Nerea Txapartegik eta jaialdiko zuzendari Josemi Beltranek egunotan ilaran dabiltzan zinezaleei erreferentzia egin diete. Izan ere, gaur arratsaldean jarri dira salgai Beldurrezko Asterako abonuak eta badira 48 ordu ilaran igaro dituzten herritarrak.
Ilaran hirugarrenak donostiarrak dira. David Cortabarria egiatarrak, Toño Vazquez altzatarra eta Esperanza Martinez larratxotarrak hogei urte inguru daramatzate Antzoki Zaharrera etortzen, euren abonua erosteko helburuarekin. “Beldurrezko eta fantasiazko zinema asko gustatzen zaigu; emanaldiak eroak dira eta filma txarra denean ere gozatzeko aukera dago. Beste zinema jaialdiek ez dute honelako giroa, gertukoa da”. Ilaran dagoen pertsona bakoitzak bi bonu hartu ditzake; beraz, taldean hamar badira, gutxienez bost pertsona egon behar dira ilaran. “Ordu asko ematen ditugu hemen, baina pena merezi du. Lagunekin hitz egin edota partxisean jolasten dugu, honela denbora azkarrago pasatzen da”. Lagun talde honen arabera, ilara egiten duten zinezaleek aretoan eserleku zehatz bat lortu nahi dute. Erosotasunagatik, adibidez, zenbait ilarek arrakasta handia dute, lehenengoa eta hamargarrena, besteak beste. “Guk hamargarrena gustuko dugu hankak luzatu ditzakegulako, eta azpidatziak hobeto ikusten direlako”.
Donostiatik ez ezik, kanpotik ere jende asko dator jaialdira. Tolosako kuadrila bat, adibidez, atzo arratsaldean hasi zuen lehenengo txanda, 15:00etan, eta goizeko hirurak arte ilara egin dute. Ondoren, beste talde bat etorri da. “Lanean egun bat eskatzen dugu ilara egiteko, eta Astea iristen denean, jai hartzen dugu. Gure oporrak dira. Lankideek hasieran ez zuten ulertzen, arraro begiratzen gintuzten, baina orain ohitu dira”. Beraien lagun batek hamabost urte daramatza jaialdira etortzen eta bera izan zen zinema mota hau ikusteko grina piztu ziena. “Ordutik ez dugu hutsik egin; zinema aretoan dagoen giroa izugarria da. Filma txarra izan arren, aretoan jendeak komentarioak egiten ditu eta oso ongi pasatzen dugu”.