Juan Karlos Izagirre izango da EH Bilduren Donostiako alkategaia
Orain arteko norabidea ez duela aldatuko ziurtatu du, eta elkarrekin bidea egiteko eskatu die herritarrei.
2011n Donostian prozesu berri bat eraiki zen, eraldaketa bat eman zen. Izan ere, Bilduk irabazi zituen udal hauteskundeak eta Juan Karlos Izagirre bihurtu zen hiriko alkate. Gaurkoan, ia lau urte geroago, Izagirre aurkeztu dute berriz ere EH Bilduren Donostiako alkategaia izateko. Aquarium gaineko plazan egin du agerraldia, herritarren eta udal gobernuaren babesarekin.
“Donostiak politika beste modu batean egiteari baietz esan zion duela ia lau urte; gardentasunean, gertutasunean eta partaidetzan oinarritutakoa. Urteotan une gogorrak bizi izan ditugu, baina gehienak zoragarriak izan dira”, halaxe hasi du Juan Karloz Izagirrek bere hitzaldia. Denbora honetan gauza asko ikasi dituzten arren, berezkoak zirenak ere bazituztela aitortu du. “Gertutasuna eta gardentasuna, adibidez, bagenekien beharrezkoak zirela gobernatzeko, baita politika herritarren parte hartzearekin egin behar genuela ere”. Ikasketa prozesu horretan zailtasunen aurrean indartuak atera daitezkeela ikusi dute, eta zailtasun horiek “aukera paregabea” bihurtu daitezkeela gauza berriak egiteko. “Ikasi dugu gobernatzea erabakiak hartzea dela, batzuk zailak, beste batzuk errazak, baina beti aurrera begira. Badakigu denontzako gobernatu behar dela, koherentzia mantenduz, eta konstante izan behar dela. Ikasi ez, egiaztatu dugu, posible dela, egin daitekeela; eta herriak sinesten du duela lau urte egindako apustuan, hori da garrantzitsuena”.
Elkarrekin egiteko bidea
“Duela lau urte, nire izena eman nuen. Hainbatek ezin zuten bere izena eman, eta orain ere hori ezinezkoa da. Oraindik hainbat eta hainbat donostiar kartzelan daude egungo egoera posible egiteagatik”. Alkatea izatearen erabakia hartzea zaila izan zela esan du, eta orain berriro zerrenda buru izatea eskatu diote, eta eskerrak eman nahi izan die guztiei berarengan konfiantza izateagatik. Karguak une gogorrak dituen arren, oraindik zeregina badagoela eta inoiz baino ilusio handiagoa duela aitortu du, eta horregatik onartu du alkategai bigarren aldiz izatearen eskaintza. “Ahal dudan ondoen egingo dut. Hanka sartuko dugula, ziur, baina norabidea ez dela aldatuko ziurtatzen dizuet. Baldintza bat jartzen dizuet: bidea elkarrekin egitea, zuekin guztiekin”.
Orain arte egindako guztia herritarrei esker izan dela adierazi du, hauek direlako “benetako protagonistak”. Baina hiriak “kategoriako gobernua” duela aitortu du. Honela, agerraldian zeuden eta bertara ezin izan diren zinegotziak aipatu ditu, txalo artean. “Guk aurpegia jartzen dugu, baina denon artean, elkarrekin, egiten dugu lana”.
Gelditzeko eredua
Egungo egoera zoragarria eta itxaropenez betea bezala definitu du. “Bidea hortxe dugu, zabal-zabalik, eta esan genuen bezala, gu gelditzeko etorri ginen”. Oraingoan eta datozen urteetan ere, bide hori egiten jarraituko dute. Krisi ekonomikoari neurri handi batean aurre egiten ari direla azaldu du, ekonomia suspertzen ari direla. Gainera, politika sozialak bultzatu, langileen eskubideak bermatu eta diru publikoa gardentasunez erabili dutela adierazi du. “Eredu hau hemen geldituko dela esango nuke, oposizioa bera ere erabiltzen hasi da eta”.
Bestalde, kultura indartzen eta ahaztuta zeuden auzo eta herriak kontuan hartzen ari direla gogoratu du. Azken horren adibide gisa Martutene eta Txomin auzoetan Urumearen inguruan egindako “esfortzua” azpimarratu du. Espazio publikoen berreskuratzea ere aipatu du: autobus geltokia eta Bretxako proiektua, esaterako. “Bretxan kudeaketa pribatutik kudeaketa publikora pasako gara”. Gainera, herritarren partaidetza prozesuak ere egin dituztela adierazi du. Egun Altzako kiroldegian egiten ari direna, besteak beste. Normaltasunaren eta bakearen erreferentziazko hiria bihurtu da Donostia Izagirreren iritziz. “Eskubide guztiak pertsona guztientzako erreklamatu ditugu, eta memoria historikoa sekula baino gehiago landu dugu, ditugun zorrak kitatzeko”. Honela, donostiarrak herritartasunaz gero eta harroago sentitzea lortzen ari direla ziur dago.