Martera bidaiatzeko hautagaia den astrofisiko batek parte hartuko du XXIII. Astronomia jardunaldietan
Bidaia 2024. urtean egingo luke Jose Vicente Diaz valentziarrak, beste 24 lagunekin batera.
Aranzadi Zientzia Elkarteak XXIII. Astronomia jardunaldiak antolatu ditu, bihar eta etzi (urriaren 21 eta 22an), Koldo Mitxelenan. Aurtengo jardunaldietan enpresa pribatuek espazioaren zientzien garapenean eta tekniketan duten garrantziaz hitz egingo dute. Bihar, asteartea, Jose Vicente Diaz astrofisikari valentziarrak solasaldia eskainiko du, bera baita Martera bidaiatzeko hautagaietako bat. Asteazkenean, berriz, instrumentazio astronomikorako euskal berrikuntzari buruzko mahai-ingurua egingo dute, ADEGIko zuzendari Patxi Sasianen partaidetzarekin.
Itzulerarik gabeko bidaia
Gizakiak ilargia zapaldu zuenetik 45 urte igaro dira, eta bertan hainbat misio egin diren arren, beste astroetara iristeko ez da aukerarik egon. Horregatik, agentzia espazial publikoek Marte bisitatzeko erronka 2030ko hamarkadarako finkatu dute. Hala ere, irabazi asmorik gabeko fundazio pribatu batek Mars One proiektua abian jarri du jada, eta planeta gorrira itzulerarik gabeko bidaia bat egiteko pertsonen hautaketa prozesuan murgilduta daude. Honen inguruan azalpenak emateko, Jose Vicente Diaz astrofisikari valentziarra izango da bihar Koldo Mitxelenan. Astrofisikari honek hautaketa prozesuaren bigarren fasea gainditu du eta dagoeneko mundu mailan aukeratu dituztenen 700etako bat da.
Prentsaurrekoan aurreratu duenez, 700 horietatik 24 izango dira Martera bidaia egingo dutenak, eta ez dira Lurrera bueltatuko. “Bidaiak zazpi hilabete irauten ditu, eta irradetarrak arriskutsuak dira; horregatik ez du itzulerarik. Horrelako bi bidaia egitea arriskua biderkatzea izango litzateke”. Planeta gorrian 50 metro koadroko ontzi batzuk egongo dira, eta horien barruan oxigenoa sortuko dute. Ontzitik kanpo, espazio-jantzi batekin ibili beharko dira. Dena ongi ateraz gero, urtetik urtera jende gehiagok bidaia egingo lukeela azaldu du. Nola sentitzen den galdetuta, bidaia egiteko oraindik hamar urte itxoin behar dituenez, lasai dagoela esan du. “Denbora nahikoa daukat ideia asimilatzeko, baina egia da jendea harrituta dagoela. Nire familiak zientzia fikzioa izango balitz bezala ikusten du”. Berak, ordea, esperientzia bat dela uste du eta joan nahi duela oso argi dauka. Gainera, zientziarentzako ekarpen handia izan litekeela dio.
2015 edo 2016an Martera bidaiatuko duten hautatuen berri emango da, eta 2024 urtea iritsi arte, astronauta gisa heziko dituzte, entrenatzen ibiliko dira.
Munduko eguzki-teleskopiorik handiena
Bestalde, XXIII. Astronomia jardunaldietan, instrumentazio astronomikorako euskal berrikuntzari buruzko mahai-ingurua egingo dute etzi, asteazkenean, 19:30ean. Kanarietako Astrofisika Institutuarekin elkarlanean aritzen den Elgoibarko AVS enpresako Xabier Arrillagak MOS astronomiarako erresoluzio handiko multi-objektu espektrografoak zer diren azalduko du. IDOM enpresako Gaizka Murga ere bertan izango da, eta Hawaiin eraikitzen ari diren DIKST munduko eguzki-teleskopiorik handiena aurkeztuko du.
[box]
XXIII. ASTRONOMIA JARDUNALDIAK
Urriak 21, asteartea.
- 19:30-21:00: MARS ONE: Lurretik Marterako bidaia. Hizlaria: Jose Vicente Diaz Martinez astrofisiko valentziarra (planeta gorrira bidaiatzeko hautagaietako bat).
- 19:30 – 21:00. Mahai-ingurua: Innovación vasca para la instrumentacion astronomica. Sarrera: Patxi Sasigain (ADEGI).
- MOS, espectografos multi-objeto de alta resolucion para astronomia. Partaidea: Xabier Arrillaga.
- DKIST, el mayor telescopio solar del mundo Partaidea: Gaizka Murga.