Abal-emaileen klausulak baliogabetzat jo ditu Donostiako epaitegiak
Bermetzaileen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin dute, Egiako epaitegiaren aurrean.
Duela hilabete batzuk, Stop Kaleratzeak eta Stop IRPH plataformek hiru salaketa aurkeztu zituzten Donostiako merkataritza arloko 1. epaitegian. Gaurkoan, epai horien berri eman dute, Egiako epaitegiaren aurrean egin duten elkarretaratzean. Kutxabankek ez zituela hiru abal-emaile horien baldintzak eta eskubideak hitzartu gogorarazi dute, eta horixe izan zen hiru salaketak aurkeztearen arrazoia. “Abokatuek gauza bera argudiatu dute hiru kasuetan: bermetzaileek berezkoak zituzten eskubideei uko egin behar izan zietela, Kutxabankek inposatuta”.
Eskubide horiek kentzeaz gain, banku eta kutxa ugarik abusuzko klausulak ezartzen dituztela salatu dute, baina herritarrak, zordunak eta kontsumitzaileak irtenbidea bilatzen ari direla defendatu dute. Auzitegietan lortu dute hiru abal-emaile horien klausulak gehiegizkoak direla frogatzea, eta pozik agertu dira hiru epai “aintzidari” horiekin. Bestalde, erantzukizun politikoak eskatu dituzte, “abusu honi eta beste askori aurre egin eta etxebizitza eskubidea bermatu dezaten”
Hortaz, “posible dela” erakutsi dute, eta abal-emaile eta bermetzaile diren guztiei dei egin diete plataformekin harremanetan jartzeko.


