Donostiako Udalak eta Ikusi enpresak hitzarmena sinatu dute Donostia Smart City edo Hiri Adimentsua izateko aldaketa bultzatzeko. (Argazkia: Donostiako Sustapena)
Donostiako enpresen indarra erabilita, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko aukera ematen duten baliabide teknologikoak dituen hiriaren alde egin nahi dute Donostiako Udalak eta Ikusi enpresak
Mugikortasuna, energia, gobernantza, espezializazio adimentsua sektore estrategikoetan… Donostiako Sustapena hainbat proiektu sustatzen ari da Donostia Hiri Adimentsua izateko. Orain, Donostiako Udalak Ikusi enpresarekin sinatutako hitzarmenari esker, bultzada handia izango du.
Smart kalea (Kale Nagusia) proiektu pilotuko saltokien sistema energetikoak eta iraunkortasun-sistema koordinatuko ditu Ikusik; Pi@, Talent House eta Enertic bezalako udal-eraikin ezberdinen oreka energetikoaren jarraipena egiten lagunduko du; eta, azkenik, oinarri teknologikoko ekintzailetza-programetan modu aktiboan parte hartuko du.
Smart Kalea proiektuaren bidez, Kale Nagusiko saltoki eta etxebizitzetan energia neurtzeko aparatuak jarri dituzte, eta, azaroan, ura neurtzeko dispositiboak instalatuko dira.Urte bukaerarako kaleko argiztapen publikoa ere aldatuko da eraginkorra izan dadin (LED) eta adimentsua (sentsorizazioa). Gainera, beste hainbat alor ere lantzen ari dira (wifi konektibitatea eta saltokientzako smart proiektuak)
Izan ere, hiriko ekimen berri horiek tokiko administrazioaren eta enpresen arteko lankidetza eskatzen dute; hori dela-eta, lankidetza-hitzarmena sinatu da Donostiako Ikusi enpresarekin: “Enpresa erreferentea da hirian, enplegu nahiz fakturazio aldetik, I+G inbertsioan eta nazioartekotzean, 80 herrialde baino gehiagora iritsi baita. Azken urteetan, azpiegitura konplexuen integraziora bideratu da, informazio eta kudeaketa sistemen bitartez, eta, horretarako, software irekia garatu du. Jarduera horri eta komunikazio-arloan mundu-mailako liderrekin sinatutako akordioei esker, hornitzaile ospetsua izatera iritsi da smart cities deiturikoen merkatuan”.