Hainbat belaunalditako euskal artista garaikideen lanak bildu dituzte San Telmo Museoan
Gasteizko Artium Museoarekin bat egin du Suturak erakusketa aurkezteko.
Nestor Basterretxea, Juan Aizpitarte, Bixente Ameztoi, Jose Luis Zumeta eta Dora Salazarren obra ikus daiteke, besteak beste.
82 euskal artista eta kolektiboren 120 lan inguru biltzen ditu; hainbat belaunalditakoak dira artistak, gehienak nazioartean arte-ibilbide nabarmena egindakoak eta aitortza jasotakoak. Xabier Saenz de Gorbeak zuzendu du komisario taldea Enrique Martinez Goikoetxea Artiumeko bildumaren kontserbatzailearekin batera. Taldearen arabera, Suturak, funtsean, interpretazio bat da, “testuinguruak irudien historian eta bilakaeran duen garrantzia islatu nahi lukeena. Azken batean, Euskal Herriko artista garaikide batzuen erakusketa bat da, eta interpretazio irekia eta anbiguoa du. Salbuespenen bat izan ezik, sortzaile ezagunen lanak biltzen ditu, bai eta autore ezezagunen obraren bat edo beste ere, helburu sozialez egina”.
Artelanak 1954tik gaur arteko denboraldian eginak dira. Artelan gaurkoenen artean, nabarmentzekoak dira San Telmo Museoan ikusgai jartzeko berariaz egindakoak. Gehienak, hala ere, azken bi hamarkadetako lanak dira.
Proiektua hamabi ataletan antolatu dute. Lehenengoan 70eko eta 80ko urteetako herri- eta arte-mugimenduen beroan sortutako hainbat erreferentzia ikoniko jaso dituzte. Denboraldi hartan, tarte handia hartu zuten aldarrikapen politikoek, kulturgintzak eta propaganda-eskakizunek. Era guztietako adierazpideak erabili ziren: itsasgarriak, kartelak, logotipoak, diskoen estalkiak, liburuen azalak…
Euskal estetika moduko bat goraipatzen denarekin batera, zenbait ahots agertzen dira bakarkako eta taldekako zenbait jarrera eta jokaera irrigarri uzten. Atalak tarte ironiko eta autokritiko baten ekarria erakusten du; dena auzitan jartzea eta denari kontra egitea da tarte horren funtzioa: Bixente Ameztoi, Andres Nagel, Fernando y Vicente Roscubas, Jose Luis Zumeta eta Ramon Zuriarrain, besteak beste.
Indarkeriaren eta haren ondorio odoltsuen desafioarekin era batera edo bestera zerikusia duten alderdiak ere islatu dira: Dennis Adams, Dora Salazar, Ibon Aranberri, Gema Intxausti, Juan Carlos Meana, Jose Ramon Morquillas, Itziar Okariz eta Francisco Ruiz de Infanteren obrekin.
Peio Irazu, Manu Muniategiandikoetxea, Santos Bregaña, Miren Arenzana, Elena Asins, Cristina Iglesias, Iñaki Garmendia, Iñaki Gracenea… Asko dira erakusketa honetan parte hartu duten euskal artistak.
Bada politikari eskainitako atal bat. Politikak ez ditu garairik onenak bizi, eta, berriz ere, umorea agertzen da elkarbizitzaren lagungarri. Juan Aizpitarte eta Jose Ramon Amondarain artistek parte hartu dute, besteak beste, atal honetan.
[box]
Noiz: Urtarrilaren 25a arte.
Ordutegia: asteartetik igandera: 10:00 – 20:00.
Astelehenetan itxita, jaiegunetan zabalik. Astearteetan dohainik.
Bisita gidatuak:
Larunbatero bisita gidatuak eskainiko dira: 12:30ean euskaraz eta 17:30ean gaztelaniaz.
[/box]