Naiara Sampedro eta Ricardo Burutaran, ordenantza berriaren inguruko xehetasunak ematen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Baldintzak betetzen ez dituzte lokalak alokatzen dituzten jabeek isun ekonomikoak jasoko dituzte; ordenantza betetzen ez duten gazteek, berriz, isunen ordezko lanak egin beharko dituzte.
Tokiko Gobernu Batzordeak ostiralean onartu zuen gazteek erabiltzen dituzten lokalak arautuko dituen lehen ordenantzaren hasierako proposamena; otsaileko udalbatzarrean espero dute behin betiko onarpena ematea. Ordenantzaren helburua gazteek biltzeko duten eskubidea bermatzea da, baina modu duin batean. Hau da, segurtasun, osasun eta ongizate baldintza egokiak betez.
Naiara Sampedro, Gazteria zinegotziak eta Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziak aurkeztu dute ordenantza proposamena. Orain arte arautu gabe dagoen alor bat arautu, eta gazteentzako moduko lokalen erregistro bat egitea dela udal gobernuaren helburua esan dute.
Sampedrok adierazi duenez, gutxi gora-beherako erregistro bat egin zuen iaz udalak, eta 100 bat gazte lokal identifikatu zituzten, baina, “lokal hauen iraunkortasuna eta kontrola oso zaila da”, esan du Sampedrok. Horregatik, ordenantza hau onartzen bada bi aldaketa eragingo dituzte. Alde batetik, lokal bat alokatu nahi duenak, erabilera hori emateko zein ezaugarri eta baldintza bete behar dituen zehaztea. Eta bestetik, gazteek hirian dagoen eskaintza ezagutzea.
Burutaranek argitu duenez, ordenantza onartzen den unetik aurrera, erabilera hori izan nahi duten lokalek erregistroan izena eman beharko dute. Eta dagoeneko erabilera hori badutenek, sei hilabeteko epea izango dute egoera erregularizatzeko. “Gaur egun asko dira gutxieneko baldintzak bete gabe alokatzen diren lokalak, eta hori ez da gazteen ardura. Trastelekuak ez dira gazte lokalak; gazteek baldintza duinetan elkartzeko eskubidea dute. Horregatik, ordenantza berria pauso garrantzitsua izango dela uste dugu”, esan du Burutaranek.
Gazte lokalen baldintzak
Gazteen aisialdia aipatzean, 15-30 urte bitarteko gazteak hartuko ditu kontuan ordenantza berriak. Eraikuntza, hirigintza eta arkitektura baldintzez gain, suteen prebentziorako baldintzak, osasun eta ingurumen baldintzak, zarata eta bibrazioen transmisioari dagozkion baldintzak, eta erabiltzeko baldintzak zehaztuko ditu.
Beharrezkoa izango da, esaterako, lokaletara kaletik sarrera zuzena izatea, atarikoa ez den beste ate batetik. Gutxienez 2,50 metro garai izan beharko dituzte, eta gutxieneko azalera erabilgarria 25 metro koadrokoa izango da. Lokalek larrialdietako argiak eta irteera seinaleak izan behar dituzte, bai eta suteetatik babesteko bitartekoak ere. Guztira, 50 pertsonentzako lekua izango dute, hau da, 5 metro koadroko pertsona bat sartu ahalko da gehienez. Bestalde, lokalek aireztapen eta argiztapen egokiak izan beharko dituzte, eta zarata mailak ezingo du hots kutsadurari buruzko ordenantzan ezarritako mugatik gorakoa izan.
Ordenantzak zehaztutako ezaugarriak bete gabe alokatzen duten jabeek isunak jasoko dituzte; 100 eurotik 3.000 euro bitarteko isunak, larritasunaren arabera. Gazteen kasuan, berriz, oraindik aukerak aztertzen ari badira ere, baliteke isun ekonomikoen ordez lanak eginaztea.
Gazteen topaleku
Sampedroren arabera, gazteek gune alternatiboak bilatzen dituzte euren aisialdia kudeatzeko. Gero eta ohitura hedatuagoa dela nabarmendu du zinegotziak, beraz, gazteei ahalik eta aholkularitza eta laguntza handiena eskaintzeko Gazteria sailak ahalegin berezia egingo duela adierazi du. Hala, behin ordenantza onartuta, informazio, sentsibilizazio eta orientazio kanpaina bat jarriko dute abian. Horrekin batera, gida digital bat ere argitaratuko dute, izapide, betebehar tekniko eta bestelako informazio praktikoa eskainiz.