Txomin Eneako Aita Abarzuzako etxebizitzak botatzen, duela urtebete. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Txomin Eneako eraldaketa ekarriko duen hirigintza proiektua “lehentasunezkoa” da jeltzaleentzako. Hala adierazi dute gaur prentsaurrean Eneko Goia bozeramaileak eta Iñaki Gurrutxaga zinegotziak. Ematen dioten garrantzia dela eta, egitasmoa bermatu nahi dute, eta horretarako aurrekontuetan aldaketak egitea proposatu dute.
Izan ere, udalak datozen lau urteetan 22 milioi inguruko inbertsioa egitea aurreikusi du Txomin Eneako hirigintza proiektuan, urte bakoitzerako aurreikuspen ekonomiko bat zehaztuz. Hala, udal gobernuaren asmoen arabera, 2015ean 400.000 euro erabiliko dituzte, eta inbertsio handiena, 2017an egingo dute; 14 milioi euro. Dena dela, osteguneko udalbatzarrean eztabaidatuko dute kredituaren urtez urteko banaketa, eta EAJk zuzenketak aurkeztuko ditu.
Eneko Goia eta Iñaki Gurrutxaga, zinegotzi jeltzaleak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Lehen fasea abian jartzeko baldintzak azaroan onartuko dituzte, eta lanak berriz, datorren urteko apirilean hastea aurreikusi dute. Eneko Goiaren arabera, ordea, “diru kontuek baldintzatuko dituzte datozen lau urteetako lanak”. Horregatik, diru ekarpen handienak bukaerarako ez uztea proposatu dute jeltzaleek. Hala, 2015an 3,8 milioi euroko partida bat zehaztea proposatzen dute, “horrek hurrengo urtean lanak tinko hastea ahalbidetuko bailuke, eta ez modu sinboliko batean”, esan du Goiak.
EAJren zuzenketaren arabera, honakoa da proposamena: 2015. urterako 3,8 milioi euro; 2016rako 4,3 milioi; 2017rako 10,7 milioi euro; eta 2018. urterako 3,8 milioi euro.