Euskararen oroimen historikoa berreskuratu du dokumental batek
http://youtu.be/IXy8W7B786Q
Euskal hizkuntzak jasandako zapalkuntza jasotzen du, eta euskararen transmisioari eusteko herri mugimendu zabalaren berri ematen du. Bernat Alberdik zuzendu du dokumentala.
Euskararen oroimen historikoa berreskuratzen laguntzeko lanean ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Memoria fundazioarekin eta Gipuzkoako udalekin lankidetzan. Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendariaren iritziz, “Euskal Herrian asko hitz egin da hizkuntza normalizazioaz, baina gutxiegi euskal hiztunen kontakizunaz”. Historian zehar euskaraz bizitzeko trabak, oztopoak eta debekuak izan direla gogoratu du, eta euskaraz bizitzeko egindako ahaleginari “miresgarria” iritzi dio.
Euskara, ospela eta egutera dokumentalak hainbat lekukotasun jasotzen ditu, besteak beste, Kontxi Beitia, Xabier Amuriza, Dabid Anaut, Garbiñe Petriati edo Joan Mari Torrealdairen ahotik.
Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak nabarmendu du dokumentalean egiten den gogoeta sustatzeko eta jendarteratzeko garaia dela. “Euskal hiztunen bizitzak ezin du, jada, frustrazioaren bidean barrena jarraitu. Normalizazio politikoaren garaia da, eta haren besotik etorri behar du normalizazio linguistikoak ere”, adierazi du.

