Cementos Rezola lantegiko eraikin zaharra okupatu dute, Añorgan bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko
Etxi gabe mugimendua urrian sortu zuten Añorgan, auzoan bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Bada, mugimendu honek hasitako bideari heldu diote zenbait añorgatarrek. Izan ere, ostegunean, Cementos Rezola lantegiko eraikin zaharra okupatu zuten.
Hain zuzen ere, etxe hauek astelehenean eraisten hastea dago aurreikusita, Añorgatik igarotzen den errepidearen bulebarizazioa dela eta. Zenbait añorgatarrek, ordea, etxebizitza horietan sartu eta bertan pasa dituzte osteguna eta igande arteko egunak, eta pankartak zintzilikatu dituzte leihoetatik, Añorgan bizi nahi dugu eta Hemen ez bada, non? leloekin. Txanponaren beste aldean, berriz, aurreikusitako obrak direla eta, eraikinaren alboetan eraistea iragartzen duten taulak daude, eta etxea hesiz inguratuta dago.
Eraikina okupatu duten lagunek salatu dute Añorgan 60 etxebizitza huts daudela, horietatik 30 Rezola lantegiko eraikin zahar horretan. Hala ere, hori horrela izanda, auzoan bizitzeko aukera duinik ez dutela salatu dute, eta auzotar asko Añorgatik kanpo bizitzera behartuak daudela ohartarazi dute, “alokairu merkeagoen bila”. Atotxa-Errekan landa ingurune bat urbanizatu zutela ere ekarri dute gogora, “luxuzko etxebizitzak” eraikitzeko. Egun, lur horietako partzela gutxi batzuk besterik ez daude erosita.
Okupazio ekintza urrian sortutako Etxi gabe mugimenduaren sorrerarekin bat dator. Mugimendu honek galdera batekin ekin zion bere ibilbideari: “Nola lortuko dugu Añorga bizi bat ezin badugu Añorgan bizi?”. Etxi gabek adierazitakoaren arabera, “urteak joan urteak etorri, gaztaroa bertan pasa duten belaunaldi osoak joaten dira kanpora independizatzeko garaia iristean. Etxebizitza garesti dago, eta dauden lurretan egiten diren etxeak luxuzkoak dira. Baina badira aukerak, badira alternatibak. Arazoa mahai gainean jarri eta borondatea behar da. Hitz egin dezagun denon artean. Iritsi da garaia arazoari heltzeko”.


