Okupazioan parte hartu duen gazteetako bat, adierazpenak egiten. (Argazkia: Lide Ferreira)
Cementos Rezolako lantegiko eraikin zaharra okupatu duten gazteek ekintza amaitutzat jo dute, Añorgan bizitzeko eskubidea lau haizetara aldarrikatu eta gero. “Gure kabuz ateratzea hobe genuen; bestela, eurak aginduarekin etorriko ziren, horrek dakarren ondorio penal eta administratiboekin”, adierazi dute eraikinetik atera bezain pronto.
Atzo eraikinean 15 lagun izan zirela jakinarazi dute, eta herri batzarrak egingo dituztela iragarri dute, etxebizitzaren arazoari irtenbideak jartzeko. Horrenbestez, lanean jarraituko dutela nabarmendu dute.
“Bi aukera eman dizkigute, eraikinetik gure kabuz ateratzea edo epailearen agindua eskatzea beraiek, gu ateratzeko. Bost minutu eskatu dizkiegu, eta bitartean saiatu gara jakiten ea eraisteko baimena sinatuta zegoen edo ez. Gobernuak baimena sinatuta zuela jakin dugu horrela. Elementu hauekin erabaki dugu gure kabuz ateratzea, ondoriorik ez izateko. Lanketa kalean egingo dugu orain. Hau lehenengo pausoa izan da, eta alternatibak bilatzen jarraituko dugu, Añorgan arazoari aurre egiteko”, azaldu dute.