Ertzaintza ere iritsi da eraikinera. (Argazkia: Lide Ferreira)
Cementos Rezola lantegiko eraikin zaharrak okupatuta jarraitzen du. Gaur goizean, hiruzpalau langile bertaratu dira lekura, bere jardunari ekiteko. Izan ere, aste honetan bertan baitago aurreikusita eraikinaren eraistea. Obretako langileetako bat eraikina okupatu dutenekin hitz egiten saiatu da, eta gazteek okupazioarekin jarraituko dutela berretsi diote hormaren beste aldetik. Udaltzaingoa bertaratu da geroago, 10:00ak baino minutu batzuk lehenago, eta berarekin batera obretako arduradunak. Ertzaintza hamar minutu geroago iritsi da. Eraikina inguratu dute, barrura sartzeko. Gazteak logela batean daude, eta bertan jarraitzen dute, leihoetatik ikusten baitzaie. Momentu honetan, Udaltzaingoaren hiru auto eta Ertzaintzaren auto bat daude.
Langileek hesi gehiago jarri dituzte, eta leihoetatik jende gehiago ez sartzeko neurriak hartu dituzte. Era berean, eraistea egiteko egin ohi diren lanak egin dituzte; eraikinaren barrualdea altzariz hustu (patioan utzi dituzte), gero desinfekzioa egin ahal izateko.
Obretako arduradunak eta langileak, udaltzainekin batera, eraikinaren atarian. (Argazkia: Lide Ferreira)