Euskal Herriko hiriburuetako euskararen egoera aztertuko dute XIX. Jagon Jardunaldietan
Euskaltzaindiak antolatutako jardunaldiak azaroaren 14an egingo dituzte.
Euskararen biziberritzea Euskal Herriko hiriburuetan izenburupean, Euskaltzaindiak XIX. Jagon Jardunaldiak egingo ditu azaroaren 14an, Ibaetako Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Akademiaren Sustapen batzordearen ekimenez, jardunaldiek nahi duen orok hiriburuetan euskarak duen errealitatearen inguruan hausnartzea dute helburu, bide eta baliabide egokiak irekitzen eta asmatzen joateko. Jean-Baptiste “Battittu” Coyos Euskaltzaindiko Jagon sailburuak, Sagrario Aleman Akademiaren Sustapen batzordeko buruak eta Erramun Osa batzorde horretako idazkariak egin dute gaur jardunaldiaren aurkezpena. “Battittu”ren esanetan, euskararenzat “biziki erabakigarria bilakatu den gunea hautatu du Sustapen batzordeak, hiriburuak, hiri handiak”.
Euskal Herriko hiriburuetan euskararen hazkundea handia izan dela gogoratu dute, baina presentzia neurri berean ez dela hazi aitortu dute. Horregatik, gogoeta beharrezkoa dela uste dute, eta horretarako egin dituzte jardunaldiak. Euskaltzaindiko Sustapen batzordearen ustetan, “ukaezinak dira XX. mendearen erdialdetik hona Euskal Herrian izan diren aldaketa sakonak eta, horien artean, nabarietako bat bizimoduarena; izan ere, hiriak bilakatu dira euskal hiztunen bizigune nagusienak. Horren ondorioz, jenderik gehien biltzen duten hirien eta hiriburuen bizimoduak baldintzatuko du euskararen irakaskuntzaz gain, bere transmisioa eta erabilera. Hirietako hizkuntza paisaia nolakoa, euskararen etorkizuna halakoa”.
Jardunaldietan hiriburuetako bilakaera soziolinguistikoa eta hiriburuek duten indarrari buruz hitz egingo dute, besteak beste, baina Euskara eta euskal gizartea XVII. eta XVIII. mendeetan liburua ere aurkeztuko dute, eta mahai-inguru bat egongo da. Azken honetan, hiriburuetako udaletako ordezkariek hitz egingo dute, eta erabiltzen dituzten hizkuntza politiken inguruan arituko dira. Azaroaren 14an edonork hartu dezake parte, eta izena emateko epea zabalik dago jada: info@euskaltzaindia.net edo donostiaordez@euskaltzaindia.net helbidetara mezu bat bidaliz, edo 943 42 80 50 edo 944 15 81 55 telefono zenbakietara deituz.
Euskararen presentzia handiagoa kalean
Aurreko astean, zenbait bilera egin ostean, udalbatzak 295 plaza eta kaleri euskarazko izen ofiziala jartzea adostu zuen. Hiriko kale horien euskarazko izenak eta gaztelerazko egokitzapenak udalbatzarrean onartu zituzten, eta zenbait puntutan desadostasuna egon arren, ia osotasunean akordioa lortu zuten. Erabaki honen aurrean, IRUTXULOKO HITZAk Euskaltzaindiko Erramun Osa Sustapen batzordeko idazkariari iritzia eskatu dio. Kale izendegiaren gaia atera zenean, Euskaltzaindiak Donostiako Udalari bere laguntza eskaini ziola azaldu du: “Hizkuntza indarberritzearen ikuspegitik, hizkuntza paisaia, euskal izenak berreskuratzea eta euskararen presentzia areagotzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Beraz, kale izenen kontura, udalari ekarpenez osatutako lan bat igorri genion”. Ondoren, udaleko ordezkariekin zenbait bilkura izan zituzten, eta “oso jarrera ona” izan zuten, “ekarpen gehienak ongi ikusi zituzten”.
Osak udalbatzak erabaki hau hartzearen baikortasuna nabarmendu nahi izan du. “Kale izendegi osoa adostasun zabalez hartutakoa da eta hori azpimarratzekoa da. Kalean euskararen presentzia handiagoa izango da, bai kopuruari dagokionez eta baita kalitateari dagokioenez ere.
Bestalde, euskara berreskuratzeko euskararen presentzia areagotzea ezinbestekoa dela esan du. “Zenbaitetan euskaraz zeuden toponimoak ezkutatu egin dira, desagerrarazi, eta horren ordez beste gauza batzuk jarri. Orain, iragan hori berreskuratzen eta gaurkotzen ari gara”.
[box]
EGITARAUA: Azaroak 14, ostirala, Tolare baserrian (Almortza, 6)
- 9:00-9:15. Agurra eta XIX. JAGON JARDUNALDIAREN AURKEZPENA. Hizlariak: Andres Urrutia, euskaltzainburua; Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea; eta, Jean-Baptiste Battittu Coyos, Jagon sailburua.
- 9:15-10:15. EUSKAL HERRIKO HIRIBURUETAKO BILAKAERA SOZIOLINGUISTIKOA, 1991-2011. Moderatzailea: Xabier Erize. Hizlaria: Jon Aizpurua, Sustapen batzordeko kidea. Azken 15′ elkarrizketarako.
- 10:15-11:15. HIZKUNTZA PRAKTIKAK HIRI-MUNDU ETA MUNDU HIRIETAN. Moderatzailea: Patxi Juaristi. Hizlariak: Eduardo Apodaka eta Xabier Aierdi EHUko irakasleak. Azken 15′ elkarrizketarako.
- 11:15-11:30. Atsedena.
- 11:30-12:00. EUSKARA ETA EUSKAL GIZARTEA XVII. eta XVII. MENDEETAN LIBURUAREN AURKEZPENA. Juan Madariaga, Mikel Zalbide, Andres Urrutia eta Olasoko Dorrea Sorrerakundea.
- 12:00-13:00. EUSKARA HIRIAN: INDAR GIDARI BILA. Moderatzailea: Andres Iñigo. Hizlariak: Aitor Zuberogoitia eta Pedro Zuberogoitia, Mondragon Unibertsitateko eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak, hurrenez hurren. Azken 15′ elkarrizketarako.
- 13:00-14:20. MAHAI-INGURUA: BAIONA, BILBO, DONOSTIA, GASTEIZ eta IRUÑEKO UDALETAKO ORDEZKARIAK. Moderatzailea: Kike Amonarriz. Azken 30’ elkarrizketarako.
- 14:20-14:30. Jardunaldiaren amaiera. Hizlariak: Sagrario Aleman, Sustapen batzordeko burua; eta, Erramun Osa, Sustapen batzordeko idazkaria.


