Herri kontsulten araudi berri bat egitea ez dela beharrezkoa uste dute sozialistek
2007. urteko parte hartze araudia moldatu eta demokrazia zuzenean sakontzea nahikoa litzatekeela uste du PSE-EEk. Ernesto Gasco bozeramailearen arabera, “Donostiak badu herritarren parte hartzea arautzen duen araudi bat; 2007. urtekoa alegia. Bide bat egina dago, beraz, udal gobernuak nahi duen moduan hutsetik hastea baino hobea da zuzenketa batzuk egin eta demokrazia zuzenean sakontzea”.
Udal gobernuak iraila bukaeran aurkeztu zuen herri kontsultak egiteko araudi proposamena, eta orain arte gainerako udal taldeak proposamen hori lantzen aritu dira. PPk lan taldeetan parte hartzeari utzi dio, eta PSE-EEk, berriz aurreko parte hartze araudiaren moldaketa bat egitea proposatu du.
Sozialistek herri kontsultak hiri mailan eta barrutietan egiteko aukera landu dute. Deialdiak 18 urtetik gorako donostiarren %10aren babesa beharko luke. Eta urtean gehienez bi galdeketa egin ahalko dira. Gainera, gai beraren inguruan ezingo litzateke lau urte igaro arte galdetu berriro.
EAJk batzorde bat sortu nahi du
Jeltzaleen arabera, herri kontsulten araudia “guztien artean” definitzea ezinbestekoa da, baina Juan Ramon Viles zinegotziak adierazi duenez, “orain arteko lantaldeen sistemak ez du funtzionatzen”.
Horregatik, herri kontsulten batzorde bat sortzea proposatu dute, “jarraipen eta seriotasun handiagoa emateko, gaiak hala eskatzen duelako”.