Unai Gaztelumendi. (Argazkia: Lide Ferreira)
Unai Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal bertsolariak ariko dira bertsotan.
Auzo elkartearen euskara batzordea lan eta lan ari da euskara sustatzeko. IRUTXULOKO HITZA tresna garrantzitsutzat jo dute eginkizun honetan, eta tokian tokiko euskarazko hedabidea babesteko ekitaldi bat egingo du ostiralean, azaroaren 7an: Bartzelona hiribideko Apitxin tabernan bertso afari bat prestatu dute. Bertan izango dira Añorgako Unai Gaztelumendi eta Markinako Nerea Ibarzabal bertsolariak. Izena eman behar da aurretik,
euskara.loiolakoerribera@gmail.com helbidera idatzita eta bertso afarirako txartelak 25 euroren truke eskuratu ahal izango dira. Menua honakoa izango da: Patata minak edo patatak ali oli erara, onddo tortila edo odolki eta piper tortila, entsalada eta txerri sahieskia edo oilaskoa patatekin.
Ainhoa Elices euskara batzordeko kideak azaldu du taberna batean egin nahi izan dutela, kaletik gertuago egoteko: “Tabernak leiho handi bat dauka, eta kaletik ere ikusiko da barruko giroa eta bertso afaria. Jarduera hauek ikusarazteko modu bat da, bertatik pasatzen dena ohar dadin”.
Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera plan bat diseinatu dute euskararen presentzia, ezagutza eta erabilera sustatzeko: “Joan den urtean auzoan diagnostikoa egin genuen, eta ikusi genuen zer landu behar genuen. Plan integral horren barruan jarduera desberdinak planteatu genituen, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun tokian tokiko euskarazko hedabideari laguntza ematea”.
Bertso afarian biltzen duten dirua IRUTXULOKO HITZAren proiektura bideratuko dute, eta bertso afarian bertan harpidetzak sustatzeko lan egingo dute. Ez da IRUTXULOKO HITZAren harpidetza kanpainaren alde egiten duten lehen aldia. Joan den ekainean Ikasbide Ikastolan ikasleen gurasoak harpidedun egiteko sustapen lana egin zuten.
Duela lauzpabost urte hasi zen lanean Loiolako Erriberako euskara batzordea: “Auzo anitza da, oso gaztea eta ume asko dago. Uste duguna baino euskaldun gehiago dago, baina lan handia dago egiteko”, azpimarratu du Elicesek . Urte bukaera arte ekitaldi eta jarduera gehiago egingo dituztela plazaratu du: ” Azaroa bukaeran familia erdaldunei begira, euskara sustatzeko zer egin daitekeen pentsatuko dugu eta haientzako zerbait berezia egingo dugu”. Euskararen Egunerako jarduera batzuk ere prestatzen ari dira.