"Mirakruz Gainetik behera dagoen guztia Pasaia da"
Pasaiako muga historikoen gaia jendartera zabaltzea da Pasaiako Udaleko Mugen batzordeko kideen helburua, eta horretarako hainbat ekitaldi egingo dituzte datozen asteetan.
Pasaiko Udalak mugarriak zehaztu eta muga historikak errespetatzeko eskaera egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, honek baitu horretarako eskumena. Mugen batzordeko kideek gaur goizean erregistratu dute txostena Gipuzkoa plazako bulegoetan.
Mari Carmen Mogilnicki, batzordeko kideak adierazi duenez, ez dute beraiena ez denik eskatzen, “euren izaera eta mugak onartzea eta errespetatzea” baizik: “Mirakruz Gainetik behera dagoen guztia Pasaia da. Gaur egun hainbat kaletan gertatzen dena zentzugabea da, eta muga historikoak ezartzea nahi dugu”.
Pasai Antxoko Eskalantegi kalean eta Trintxerpeko Azkuene kalean bizi diren herritarren kasua aipatu dute: “Pasaiak eskaintzen dizkie zerbitzu guztiak, baina zergak Donostian ordaintzen dituzte”, esan du Mogilnickik. “Pasai Antxoko ikastola egiteko ere Usozko larreak erosi behar izan genizkion Donostiari eta handik urte batzutara jakin genuen lursail horiek berez Pasaiakoak direla”, gaineratu dute.
Halako egoerak saihesteko eta Pasaiako mugarriak zehazteko lehen pausoa eman dutela gaur adierazi dute batzordeko kideek. Gaia jendartera eraman nahi dute, eta Donostiako Udaleko ordezkariekin bildu eta hitz egiteko gonbita ere luzatu dute.


