Joaquin Fuentes, aurtengo Urrezko Danbarra jaso zuenean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Proposamenak aurkezteko epea bihartik abenduaren 4a artekoa izango da.
Donostia Turismoko Administrazio Kontseiluak Urrezko Danborraren araudian moldaketak egin ditu, “prozesua arintzeko, gardentasuna emateko eta espekulazioak saihesteko”. Hala adierazi dute Josu Ruiz Garapen ekonomikoko zinegotziak eta Manu Narvaez Donostia Turismoko zuzendariak. Aldaketen arabera, Urrezko Danborraren prozesua azaroaren lehen astean abiatu behar da, eta herritarrek lau asteko epea dute hautagaiak aurkezteko.
Manu Narvaez eta Josu Ruiz. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Hala, proposamenak egiteko epea bihar zabalduko dute, eta abenduaren 4an amaituko da. Udalinfon, udalaren webgunean eta Donostia Turismoko webgunean aurkez daitezke hautagaiak.
Donostia Turismoko Administrazio Kontseilua abenduko bigarren astean bilduko da, proposamen guztiak aztertzeko, eta gehienez 48 orduko epea izango du, Urrezko Danborra nori eman erabakitzeko.