Aulki gurpildun gaineko saskibaloi taldeak igandean jokatuko du ligako lehen partida, Caceresen aurka.
Salto Bera Berako kideak, taldeak egindako aurkezpenean. (Argazkia: Salto Bera Bera)
Salto Bera Bera denboraldi berriari ekiteko gogoz dago. Dagoeneko hasi dira entrenatzen, izan ere, aulki gurpildun gaineko saskibaloi taldeak datorren igandean jokatuko du ligako lehen partida, etxetik kanpo, Caceseres aurka. Hori dela eta, atzo arratsaldean taldearen aurkezpena egin zuten Anoetako Kirol Etxean, eta bertan bat egin zuten jokalariek eta arduradunek. “Hobetzeko nahiaren adibide garbia da talde hau eta klubarentzat harro egoteko modukoa da”, aipatu zuen Fernando Diez Bera Berako presidenteak aurkezpenean.
Saskibaloi taldeak joan den astean sinatu zuen hitzarmena Salto Systems enpresarekin, zortzigarren urtez taldea babestuko duelarik. Aurtengoan, saskibaloi eskolari eman nahi izan diote garrantzia, eta ostiralero 19:00etatik 20:30era nahi duenari kirola probatzeko aukera ematen diotela gogorarazi dute. “Eskolak kirol honetan hasteko aukera ematen du eta taldearen jarraipena bermatzen du, harrobia izateko aukera ematen baitu”, azaldu zuen aurkezpenean Bera Berako Nestor Lopez-Garinek.
Groseko Manteo kiroldegia da Salto Bera Beraren etxea eta azaroaren 16an jokatuko dute bertan, ligako bigarren partida, Caja Vital Zuzenak taldearen aurka. Ligak, guztira, hamalau jardunaldi izango ditu eta 2015eko martxoaren 22an bukatuko da. Gonzalo Martinez taldeko entrenatzailearen hitzetan, ez da batere denboraldi erraza izango, aurkari gogorrei aurre egin beharko baitiete.