Martutenen uholdeei aurre egiteko lanak hasiko dituzte
Proiektuaren lehen faseko obrei lizitazioa eman diete. Martuteneko zubitik gora dagoen tartea konponduko dute lanek.
Urumea ibaia bideratzeko lanak hasteko lizitazioaren berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Martutenen uholdeen arriskua murrizteko obrak izango dira, eta lanak urteko lehen hiruhilabetekoan hastea espero du.
Ana Oregi Ingurumen sailburuak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak URA ur agentziaren bidez, proiektua aurrera eramango du 34 milioi euroko aurrekontu batekin. Obren lizitazioarekin pozik agertu da Oregi, URAko arduradunekin batera. Izaera “sozialeko” proiektu bat “behin betiko abian” jarriko dutela adierazi du sailburuak: “bizilagunen segurtasuna eta bizi-kalitatea hobetuko du”.
Proiektuaren lehen faseko obrei lizitazioa eman diete; Martuteneko zubitik gora dagoen tartea atonduko dute lanek, eta 24 milioi euroko aurrekontua dute. Lanak bi urte eta erdiren buruan bukatu beharko dituzte.
Obren bigarren fasea bukatzeko beste urtebete beharko dute, eta baita 10 milioi euroko aurrekontua ere. Gi-131 errepideko Lugañene zubira arte doan tartea berrituko dute.
Ibaiaren 1.370 metroko ibilbidean eragingo sute lanek. Gutxienez 45 metro zabalduko dute ibaia, eta gehienez 50 metro. Ibaiaren zabaltze eta bideratze lan hauekin batera, ibaia gurutzatzen duten azpiegiturak moldatu beharko dira: Martuteneko zubia, Pilar Auzoko oinezkoen pasabidea eta ibilguaren gainetik doan Añarberen ur hornidurarako 1000 mmtako hodi bat.


