"Añorgatarrok bizitzen dugu Añorga eta guk ematen diogu bizia"
Cementos Rezola lantegiko eraikin zaharra okupatu zuten duela astebete zenbait gaztek, Añorgan bizitzeko nahia aldarrikatzeko. Bada, ekintza hori gauzatuta, oraingoan agerraldi jendetsu bat egin dute erakundeei etxebizitzaren arazoari konponbidea jar diezaioten. Frontoian egin zuten prentsaurrekoa ostiralean, eta Añorgako Kultur eta Kirol Elkarteko lehendakari eta lehendakari ohi Agurtzane Manterola eta Xabier Altuna, eta Gure Kabia erretiratuen elkarteko Maite Arzak eseri ziren mahaian, auzotarrez inguratuta, Etxi Gabe mugimenduaren ikurraren babesarekin.
Etxebizitzarena añorgatarrek urte luzetan bizi izan duten arazoa dela nabarmendu dute. “Urteak joan eta urteak etorri kanpora alde egin behar izan dugu eta hori kaltegarria da gutako bakoitzarentzat eta baita auzoarentzat ere. Añorgatarrok añorgan bizi nahi dugu”, adierazi dute. “Añorga ez da sekula lotarako auzo soil bat izan eta ez dugu sekula hala izaterik nahi. Tamalez azken aldiko etxebizitza politikek bide hori hartu dute eta egoera honen aurrean Añorga bizi bat irudikatzen dugu. Horretarako ezinbesteko da bertan hazi garenok emantzipatutakoan ere hemen bizitzea eta horri heldu nahi diogu guk”, esan dute.
Añorgatarrek Añorgan bizitzea onuragarria dela sinetsita daude. “Ona da auzoarentzat; izan ere, añorgatarrok bizitzen dugu Añorga eta guk ematen diogu bizia. Añorgatarrok ezin badugu Añorgan bizi, nork egingo du lan dantza taldean? Nork pilota eskola edo bertso eskolan? Nork Jai Batzordean? Nork Kultur eta Kirol Elkartean? Nork eramango ditu haurrak Amassorrain Ikastolara? Añorgan egunero elkartu nahi dugu, ez jaietan bakarrik.
Behin eta berriz entzuten dugu Añorga euskararentzat arnasgune dela Donostian. Non geratzen da arnasgune hori gazte guztiok kanpora joan behar badugu?”, galdetu dute.
Auzolana bezalako baloreak ere oso presente dituzte azpimarratu dute. “Beti funtzionatu izan dugu auzolanean, baina, zer gertatuko da etorkizunean ezin badugu hemen bizi? Arrazoiak hamaika dira. Guk argi dugu etxebizitzak eskubidea izan behar duela eta erakundeei dei egiten diegu hori bermatu dezaten. Bestalde, hemen gauden guztiok dei egiten diegu añorgatarrei hasi dugun bide honetan parte hartu dezaten. Etxebizitza guztiok sufritzen dugun arazoa da eta batera eman behar diogu irtenbidea”, erantsi dute.


