"Etorkizuna koloretakoa izango da, herritarron garaia da"
Gure Esku Dago dinamikak mosaiko jendetsua egin du gaur Zurriola hondartzan, Kursaalen atzealdean. “Eskozia zoriontzeko, Katalunia biharko herri kontsultara animatzeko eta Euskal Herrian ere erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dugulako” egin dute jarduera. 10.000 lagunek hartu dute parte, eta mosaikoak Eskoziako eta Kataluniako banderak irudikatu ditu, baita Gure Esku Dago dinamikaren ikurra, hautestontzi batekin lagunduta.
Prestaketa lanak 11:00etan hasi dira, eta bi ordu baino gehiago egon dira bertaratutako herritarrak Zurriolan, hasieran lekua hartzeko eta gero mosaikoaren irudi desberdinei forma emateko, plastikoz eta aterkiz lagunduta. Zurriola hondartzako pasealekua jendez lepo zegoen, baina, pixkanaka pixkanaka, bildutakoek hondartza hartu duten neurrian, husten hasi da, hondargunearen albo bat hartu arte.Kamera ugari egon dira mobilizazio erraldoia grabatzen; horietako bat Kursaalen teilatuan eta beste bat helikoptero batean. Garabi bat ere egokitu dute irudiak behar bezala hartzen laguntzeko.
“Etorkizuna koloretakoa izango da, herritarron garaia da”, adierazi dute Gure Esku Dago dinamikako ordezkariek, eta hirian bildutako herritarrak zoriondu dituzte egindako lanagatik, mosaikoa jendetsua eta arrakastatsua izan delako.


