Ia hiru mila donostiarrek hartu dute parte Behobia-Donostian
Marka berri bat ezarri du Behobia-Donostia lasterketak bere sorreraren 50. urtemugan, parte hartzaile kopuruari dagokionez: 26.566 korrikalari irten dira Behobiatik -30.000 baino gehiagok egin zuten izena ematea-, eta horietatik ia hiru mila donostiarrak izan dira -2.882-. Sailkapen orokorrari dagokionez, guztien artean azkarrena Jose Carlos Hernandez (Lanzarote, 1978) izan da, 1 ordu 1 minutu eta 37 segundoko denborarekin. Emakumeen artean onena Vanessa Veiga (Pontevedra, 1979) izan da, 1 ordu 9 minutu eta 58 segundoko denborarekin. Jatorrizko ibilbidera itzuli dira gaurkoan. 1963. urteaz geroztik, Lezotik eta Pasaiako portutik igaro da lasterketa; gaur, berriz, Errenteria-Orereta eta Pasai Antxo zeharkatu ditu. Bideoan, korrikalariak ikus daitezke Pasaitik Donostiara igarotzen, Buenavistatik.
Giro bikaina egin du korrika egiteko. Horrenbestez, Hernandezen eta Veigaren markak kontutan hartzekoak izango dira datozen urteei begira, baldintza egokietan egin baitituzte. Debutaria zen gizonezkoen irabazlea. Hala ere, azkarrena izan da. “Ondo ikusi naiz, korrikaldi errazarekin. Gaintxurizketako igoeran sufritu dut, baina indarrak nituen, eta jaitsiera luzean erritmo bizia jarri dut”, azaldu du, eta Donostiako Maratoia buru-belarri prestatzen ari dela jakinarazi du.
Lehen donostiarra, baita lehen gipuzkoarra ere, Ander Sagarzazu izan da. Hamargarren postuan amaitu du, 1 ordu 6 minutu eta 20 segundoko denborarekin. Sagarzazuk inguruko hainbat herri lasterketa irabazi ditu aurten, Donostian bertan horietako batzuk: Udaberriko Krosa eta Porrontxoetako lasterketa, besteak beste.