Bildu, PSE-EE eta EAJko ordezkariak, Alderdi Ederren. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Gaurko egunez, azaroak 10, Oroimenaren Eguna ospatzen da, eta urtero bezala, udaletxeko alderdi politikoek lore eskaintza eta minutu bateko isilunea egin dituzte bortxakeriaren biktima guztien omenez; PPko kideak ez dute ekitaldian parte hartu.
Eguerdian Alderdi Ederren biktimen omenez jarritako monolitoaren aurrean elkartu dira udal gobernuko, PSE-EEko eta EAJko hainbat ordezkari. Udal Txistulari Taldearen doinuekin batera bana-banaka lore bat utzi dute plakaren alboan.
Juan Karlos Izagirre alkateak ez du adierazpenik egin, baina bando bat bidali du. Idatzian ohartarazi duenez, Euskal Herrian jasandako bortxakeria nabarmena da, eta Oroimenaren Eguneko lore eskaintza, gatazkak eragindako biktima guztiekiko keinu bat da.
Herritar batzuk ere hurbildu dira biktimen omenezko monolitoan loreak uztera. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramaileak alkateak adierazpenik egin ez izana kritikatu du. Bere esanetan, “ez da bidezkoa argazkietan ateratzea soilik; biktimak alderdi eta pentsakera politiko guztien gainetik daude, eta gaurkoa ez da kanpaina egiteko eguna”.
Sozialistek bezala, jeltzaleek ere biktimen aitorpena “ezinbestekoa” dela adierazi dute. Eneko Goia, EAJko bozeramailearen arabera, oraindik bide luzea dago egiteko, baina “handia da gauza batzuk ez direla berriro gertatuko jakitea”. Bestalde, “jasandako sufrimendua ez dela bidezkoa izan onartu beharra dago; biktima guztiek aitorpena behar dute”.