Ekonomia Solidarioaren II. azokaren aurkezpena, udaletxean. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Kontsumo eredu arduratsua sustatzen duten 40 erakuslek parte hartuko dute 2016 Gunean egingo duten erakusketan; 10:30etik 20:00etara egingo dituzte jarduerak.
Ekonomia pertsonen zerbitzura, hori da azokaren helburu nagusia. REAS Euskadi Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren sareak eta Euskal Herriko Merkatu Sozialak bigarrenez antolatu dute Ekonomia Solidarioaren azoka; iaz Bilbon estreinatu ziren, eta datorren larunbatean Donostiako 2016 Gunea eta Larramendi kalea erabiliko dituzte 40 erakusleren txokoak erakusgai ipintzeko.
Gaur egungo krisi ekonomikoa gainditzeko irtenbideak planteatzen dituzte bertan parte hartzen duten erakundeek. Horrela, irizpide etiko, demokratiko, ekologiko eta solidarioek garrantzi handia dute jardueretan parte hartzen duten enpresentzat, eta kontsumitzaileen beharren arabera ekoizten dute. Larunbateko azokan ikusgai egongo diren postuetan, protagonista izango dira energia berriztagarriak, tokiko produktu ekologikoak, bidezko merkataritza, birziklapena, eta baita gizarteratzea, sentsibilizazioa, ekologia soziala eta lana lortzeko prestakuntza ere, besteak beste.
Bost gunetan banatuko dituzte jarduerak. Hala, azokaren gunean produktu eta zerbitzuen erakusketa eta salmenta egingo dituzte; auditorioa eta aretoan, antzerkia, aurkezpenak, hitzadiak eta film laburrak eskainiko dituzte, eta txoznan berriz, Peñascal taldearen produko ekologikoak eskuragarri izango dira. Haurrentzako tartea ere izango da Txiki Gunean; bertan, Just Dance, aurpegi margotzea, ludoteka eta bestelako jarduerak antolatuko dituzte.
Azokak merkatu kapitalistatik aldentzeko alternatibak erakusten ditu REASeko koordinatzaile Carlos Askunzeren esanetan: “Azoka bide berriak ikustera emateko eta kontzientzia sortzeko tresna da. Iaz Bilbon 5.000 lagun bildu ziren, eta aurten Donostiara ikusle gehiago etortzea espero dugu”. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetzako zuzendari Arantzazu Santosen arabera, formula kolektiboak bultzatzea da ekimenaren helburua: “Lehentasuna eman nahi diegu gizarteak dituen beharrei, merkatu ereduak bereziki kolpatu dituelako hainbat sektore, bereziki emakumeak”.