Generoaren ikuspuntutik landuko dute bakearen kontzeptua
‘Bakearen itzalak’ izeneko mintegia antolatu du Donostia 2016 egitasmoak, feminismoaren begiradapean. Goizetan tailerrak egingo dituzte, eta arratsaldetan, hitzaldi irekiak, bihartik larunbatera.
LAB2014: Bakearen itzalak izeneko mintegia antolatu du Donostia 2016 egitasmoak, feminismoaren baitan. Zehazki, Bake-Ituna ikerketa eta erakusketa-proiektuaren baitan antolatu dute mintegia; artearen historian indarkeria eta bakea nola irudikatu izan diren jorratzen duen proiektua, hain zuzen ere. Mintegiak bihartik larunbatera iraungo du; goizetan tailerrak egingo dituzte, 10:00etatik 17:30era, Amarako Kaxilda liburu dendan eta Okendo kaleko Emakumeen Etxean; eta arratsaldetan, hitzaldien txanda izango da, San Telmo Museoan, 19:00etatik 21:00etara. Gizartean normaltzak jotzen diren egitura, pentsamolde eta sinesmen guztiak kolokan jartzea da mintegiaren helburua, guztiak ere birdefinitzeko asmoarekin. Izan ere, antolatzaileen ustez, sarri indarkeria eta zapalkuntza ezkutatzen dute berezko definizio horiek, eta genero ikuspegitik landuko dituzte.
Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da, Bake-Itunaren webgunearen bidez, baina arratsaldetako hitzaldiak irekiak izango dira. Tailerrak emango dituztenen artean, honakoak daude: Bilgune Feminista, Post-Op, Medeak, Stop Kaleratzeak Gipuzkoa, Kaxilda liburu denda… Josebe Iturriozen hitzetan, hiru ardatz nagusi landuko dituzte: Gorputza, Ekonomia eta Jakintzak. Hiru arlo horietan indarkeria jasaten dela zehaztu du Iturriozek: “Askotan bakeaz hitz egitean zenbait egia ezkutatzen ditugu. Bake kontestuetan indarkeriaz bizi gara”. Medeak taldeko Nagore Iturriozek zuzenduko duen tailerrean, esaterako, gorputzen inguruko hausnarketa egingo dute partaideek; zeintzuk diren gizartean onartzen ez diren gorputzak, besteak beste: lodiegiak, argalegiak, elbarriak… Hitzaldietan, berriz, Teresa Santiago filosofoak, Jule Goikoetxea filosofo eta kazetariak, eta Hibai Arbide aktibistak hitz egingo dute, besteren artean.
Mintegi horrek jarrraipena emango dio iazko abuztuan egin zuten mintegiari. Beatriz Preciado filosofoak eta tokiko kolektibo feministek jardun zuten mintegi hartan, Ekintza eta pentsamendua: Indarkeria sexista apurtuz izenburupean. Bertan, 300 lagun inguruk parte hartu zuten. Hala, 1813. Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzea proiektuarekin hasitako ildo feministaren haritik jarraituko dute; baina teoria hutsa izan beharrean, praktika ere landuz.
2016a iritsi bitartean jarduera gehiago antolatzeko asmoa ere badute: erakusketak, ikerketa programa bat, mintegiak, sormen-laborategi iraunkorrak, argitalpenak…
Informazio gehiagorako: ekintzaetapentsamendua@gmail.com